Kazeta

Smartphoneak nerabeengan dituen arriskuez arituko dira Hendaian

“Smartphonea eta bere gehiegikeriak, haurtzarotik nerabezaroraino” izeneko gaualdia iraganen da Hendaiako Saint-Vincent eskolan, heldu den martxoaren 22an.

Azken urteetan, hamar egunez pantailarik gabe egoteko kanpainak egin dira Ipar Euskal Herriko eskoletan.
Azken urteetan, hamar egunez pantailarik gabe egoteko kanpainak egin dira Ipar Euskal Herriko eskoletan.

Hendaiako ekintza sozialerako zentroak (CCAS) eta Denentzat zentro sozialak, Saint-Vincent eskolako ikasleen guraso elkartearekin batera, smartphoneak haur eta nerabeengan dituen ondorioak aztertzeko gaualdi bat prestatu dute. Hitzordua martxoaren 22an emana da, arratsaldeko 18:00etan Hendaiako Saint-Vincent eskolan berean.

Sandrine Mendizabal psikologoak argibideak eman eta burasoen galderei erantzuna emanen die. Gisa berean, tresna horiek haurren osasunean duten eragina azalduko du, bai eta gazteei bere erabileran laguntzeko beharra mahai gaineratu ere.

Badira 15 bat urte gisa honetako tresnen arriskuari loturiko lehen kanpainak hasi zirela, eta burasoen kontzientzia emendatu bada ere, oraino haien seme-alaben erabileran galduak dira. Telefono mugikorrak egungo jendartean leku orotan dira. Haur bati smartphone bat oparitzeak “independentzia” maila bat ematea dela diote ainitzek, baina menpekotasuna sortzeaz gain, Interneterako sarbidea eskaintzen dio, horrek dituen arriskuekin.

Mintzaldian parte hartzeko martxoaren 20a aitzin eman behar da izena, 0674237634 (Sylvie, Denentzat) edo 0629190096 (Celine, Haur ttipien etxea) telefono zenbakietara deituz.