Kazeta

Petrolioz zikindutako hegazti hila agertu da Hendaian

Martxoaren 19an Hendaiako hondartzan petrolioz beterik zegoen itsas hegazti bat hilik aurkitu zuten. Oraino ez da Bizkaiko Golkoan hondoraturiko “Grande America” ontziak isuritako petrolioarekin lotura zuzenik egin. Azterketak abian dira.

Italiar kargaontzia igandean hondoratu zen Bizkaiko Golkoan.
Italiar kargaontzia igandean hondoratu zen Bizkaiko Golkoan.

Joan den martxoaren 19an %70ean “petrolio arrasto lodi eta freskoak” zituen zanga bat agertu zen Hendaiako hondartzan. France Bleu Euskal Herri irratiak emandako informazioaren arabera, Hegalaldia elkarteak galdegindako azterketek erakutsiko dute gertaera honen eta “Grande Americak” isuritako fuelaren arteko harremanik ba ote den.

Italiar kargaontzia igandean hondoratu zen Bizkaiko Golkoan, La Rochelletik 330 bat kilometrora. 2.200 petrolio tona zituen bere erregai zamategietan.

Hegaztiaren gorpua eta laginak asteazkenean berean Cedrera igorri ziren, zehazki, istripuen ondorioz uraren kutsaduraren ikerketaz arduratzen den zentrora. Emaitzak egun batzuen buruan jakinen dira. Zanga Europako itsas hegaztirik handiena da eta Ipar Atlantiko osoan bizi da.  

Zuhurtzia ororen gainetik

Irrati publikoari egin adierazpenetan, Hegalaldiaren presidente den Stephane Maury zuhur mintzatu zen. “Gorpuan duen fuel kopuru handia ikusirik, zaila dirudi hegazti honek naufragioaren lekutik 100 kilometroz hegan egin ahal izan duenik. Alta, animaliak denetarako gai direnez, azterketen emaitzak itxoin behar dira”.

Oraingoz kutsadurak euskal kostaldean ez omen du eraginik izan. Adituaren arabera, “Grande America” ontziak itsasoan isuri duen fuelaren eta Bretainiako kostan urtero neguan izaten den kutsaduraren arteko alderik ez dago. Bereziki Ouessant itsas pasabideaz mintzatu zen. Munduko garrantzitsuenetakoa izanik, egunero 500 bat ontzi igarotzen dira. Ilegalki eta inpunitatez husten dituzte erregai zamategiak.