Kazeta

Bernadette Jougleux Kanboko auzapeza zendu da

2017tik Kanboko auzapeza izan den Bernadette Jougleux asteazken arratsaldean zendu zen, eritasun luze baten ondorioz. Ipar Euskal Herriko hautetsi andana batek bere doluminak helarazi ditu.

Bernadette Jougleux avait célébré les voeux de la Ville de Cambo en 2018. © Isabelle MIQUELESTORENA
Bernadette Jougleux avait célébré les voeux de la Ville de Cambo en 2018. © Isabelle MIQUELESTORENA

2017ko uztailean hartu zuen Kanboko auzapez kargua Bernadette Jougleuxek, Vincent Bru ordezkatuz, honek seigarren barrutian diputatu kargua hartu ondotik. Martxoaren 20an hil zen Jougleux, luzaroan osasun arazoak izan ondotik. 71 urte zituen.

Politikan aspaldi hasi zuen bere ibilbidea. 1977an jadaneko hautetsia izan zen, 1983an berriz, axuanta. 1995ean Vincent Bru berarekin lehiatu zen eta denbora batez oposizioan izan zen. 2008an itzuli zen politika mundura eta orduan Bruren zerrendan sartu zen, lehen axuantaren kargua hartuz, 2017ra arte. Urte hartako uztailaren 22an hartu zuen egun diputatua denaren auzapez kargua.

Vincent Bruk MEDIABASKi egindako adierazpenetan erran zuenez, “elkarteen munduarekiko engaiamendu handia zuen”. Hunkiturik, diputatuak albisteak tristatu duela gaineratu zuen. “Miresten nuen, eritasunaren gainetik proiektu ainitzetan parte hartzeko eta aitzinatzeko gogo handia zuelako”.

Hautetsiek doluminak helarazi dituzte

Bernadette Jougleuxen heriotza jakin bezain fite, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak babesa adierazi zien familiari eta lagunei, bai eta herri kontseiluko kideei ere.

Pirinio Atlantikoetako senatari den Max Brissonek zendutako auzapezak “eritasunaren aitzinean izandako kuraia” goraipatu zuen. Antzeko hitzak izan zituen Frederique Espagnac senatariak ere.

Isabelle Pargade Baigura-Mondarrain kantonamenduko kontseilariak, bere aldetik, Jougleuxen familiari eta herri taldeari “pentsamendu amultsuak” helarazi zizkien. Kanboko oposizioan den Nahi Dugun Herriak mezu hori zabaldu zuen, albistea “tristeziaz” jaso zutela gaineratuz.