Kazeta

Martxoaren 19ko greba: Euskal Herrian ere mobilizatzeko deia

Astearte honetan, martxoaren 19an, eremu publikoko eta pribatuko langileak greba inter-profesionalera deituak dira. CGT eta FO sindikatuek egin deiari FSU ere batu zaie.

CGT, FSU eta FO sindikatuek martxoaren 19an greba egiteko deia luzatu dute. © Aurore Lucas
CGT, FSU eta FO sindikatuek martxoaren 19an greba egiteko deia luzatu dute. © Aurore Lucas

Manifestazioa goizeko 10:30ean abiatuko da Baionako Santa Ursula plazatik. Frantziako Gobernuaren erreformak izanen dira manifestarien protesten helburu eta zerbitzu publikoetan soldata altuagoak eta bitarteko duinagoak aldarrikatuko dituzte.

CGT, FO eta FSU sindikatuek Frantziako Estatuko lurralde guzietan den tentsiozko giroa azpimarratu dute. Haien iritziz, krisi sozial honen iturburuan, zinezko justizia sozialerako eta fiskalerako nahikeria dago, bai eta askatasun publiko eta indibidualen murrizketa ere.

Sindikatu hauek soldaten, erretreten eta gutieneko sozialen emendatzea aldarrikatzearekin batera, emazte eta gizonen arteko berdintasuna eta hezkuntza nahiz formaziorako eskubidea mahai gaineratzen dituzte. Babes soziala, erabiltzaileen beharretara egokituriko zerbitzu publikoak eta erretreten banaketarako elkartasun sistema ere eskaeren taulan kokatzen dira.

LAB sindikatua ere mobilizatuko da

Greba egun honen karietara, LABek ere mobilizatzea erabaki du. Hitzordua baino oren erdi lehenago, Baionako tren geltokian ekimen bat eginen du sindikatu abertzaleak, azken hilabeteetan Baiona eta Donibane Garaziren arteko burdinbiderako “proiektu koherente” bat eskatzeko eramaten ari den dinamikaren baitan.

Halaber, Chronoplus autobus sareko CGT sindikatuak ere bat eginen du greba mugimenduarekin. Zuzendaritzak azaldu duenez, ez da eraginik sentituko zerbitzuan. Haatik, Biarritzen eta Baionan gaindi urririk diren autobusak ez dira ibiliko egunean zehar.