Kazeta

Klimaren aldeko martxak legea betetzeko galdegin die hautetsiei

Joan den martxoaren 16an 1.200 lagun inguru mobilizatu ziren Angelun, klimaren aldeko martxan. Manifestariek Euskal Elkargoak bizikletei begirako politikan legea ez duela betetzen deitoratu zuten. Heldu den maiatzaren 25erako beste mobilizazio egun bat iragarria dute.

Tram'bus linearen hainbat puntutan bizikletei ez zaiela bide berezirik eskainiko salatu dute manifestariek. © Guillaume FAUVEAU
Tram'bus linearen hainbat puntutan bizikletei ez zaiela bide berezirik eskainiko salatu dute manifestariek. © Guillaume FAUVEAU

Iragan berri den asteburuan mundu osoan klimaren aldeko mobilizazio garrantzitsuak egin dira. Ipar Euskal Herrian, martxoaren 15ean lizeoetako 1.400 ikasle atera ziren Baionako karriketara eta larunbatean, 1.200 lagun inguru izan ziren Angeluko erdigunea hartu zutenak. Bizi! mugimenduak deituriko martxara eragile anitz batu ziren, besteren artean, CADE, burdinbideetako CGT, CFDT, LAB, Euskal Herriko Attac eta Txirrind'ola.

Euskal Elkargoak bizikletei begira duen politika salatu asmoz, Angeluko Herriko Etxearen aitzinean erabilgarri ez diren hamarnaka bizikleta metatu zituzten manifestariek, bi gurpileko garraiobidearen “hilerria” irudikatuz. Oroitarazi behar da bertako auzapez den Claude Olive dela Mugikortasun Sindikatuko presidentea. Mobilizazioa Seque oihan-gabetuan bururatu zen, CADEko kide den Victor Pachonek sinbolikoki zuhaitz bat landatu zuelarik.

“Mendeko martxa” izeneko mobilizazioak Angeluko Baiona etorbidea “okupatu” zuen. Bide hori berriki arraberritua izan da Tram'bus linearen lanen barnean. Bizi! mugimenduko kideek “Legez kanpoko etorbidea!” idatzi zuten errepidean. Izan ere, lan horiek egiterakoan bizikletentzat errailik ez egin izana salatu zuten, nahiz eta legeak hala agindu. “Ohartzen gara bizikleten lekua ahantzia izan dela”, adierazi zion martxaren bezperan Claude Olive berak MEDIABASKi.

Erresistentzian sartzeko deia

Barth Camedescasse Bizi!-ren bozeramaleak gogorki salatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidentearen egungo politika klimatikoa, Parisko Akordioarekin bateraezina den norabidean kokatzen delako. “Infernu klimatikora kondenatzen gaitu”, erran zuen. “Berehalako aldaketa masiboak egiteko kuraia eta adimendurik ez badugu, gure munduak "Grande America" kargaontziaren ber zortea ezagutuko du”, adierazi zuen.

Bere kide den Elise Diletek “erresistentzian sartzeko” deia luzatu zuen. “Solas ederrek ez dute balio, bakarrik zuen ekintzek, zuen erabaki zehatzek. Izan dadin herriko etxeetako hauteskundeetan, urte bat barne, edo datozen hilabeteetako mobilizazio eta ekintzetan. Ez dugu deus utziko pasatzen! Gure bizi baldintzak, gure haurren eta haien ondotik etorriko direnen bizi baldintzak dira jokoan, deus gutiago. Eta horiek nahi ditugu defendatu, indar eta deliberamendu handiarekin”, baieztatu zuen.

Ildo horretan, heldu den maiatzaren 25ean beste mobilizazio egun bat eginen dela iragarri zuten bildutakoen aitzinean.