Kazeta

Bizi Kantuz koruak kontzertua eskainiko du Donapaleun

Bardozeko Bizi Kantuz koruak hogeita hamar urte bete dituen honetan, martxoaren 17an kontzertua eskainiko du Donapaleun. Iragarri dutenez, primaderan haien bigarren diskoa grabatuko dute, larrazkenean 30. urteurrena ospatzeko.

Koruak urte batez Okzitaniako Laas herriko Transmusikal Festibalean lehen saria eskuratu zuen. ©Bizi Kantuz korua
Koruak urte batez Okzitaniako Laas herriko Transmusikal Festibalean lehen saria eskuratu zuen. ©Bizi Kantuz korua

Hogeita hamar urteko ibilbide oparoa duen Bardozeko Bizi Kantuz koruak heldu den igandean, martxoaren 17an kontzertua eskainiko du Donapaleuko Saint Louis zineman, arratsaldeko 16:00etan. Sartzea urririk izanen da.

Bizi Kantuz koru mistoa Bardozeko eta inguruko herrietako 50 bat kantarik osatzen dute. Euskal kantuaren tradizioa bizirik mantentzea dute xede, baina beste errepertorio batzuk ere proposatuz, tartean euskal kantu garaikideak eta mundu mailako obra klasikoak.

Filipe Guichanducq zuzendari duen koruak Euskal Herrian eta bertatik kanpo ere kontzertu ainitz eman izan ditu eta urte batez Okzitaniako Laas herriko Transmusikal Festibalean lehen saria eskuratu zuen. Aurten ere bidaia batzuk eginen dituzte, horien artean maiatzean Puy-de-Domeko St. Nectaire herrian lau egunez kantatzeko.

30. urteurrena kari, primadera honetan disko berri bat prestatzen ari direla iragarri du Bizi Kantuz koruak eta larrazkenean ibilbide luze horren ospakizuna eginen dute.