Gaskoiarentzat hizkuntz politika bat iragarri dute

Euskal Elkargoak heldu den martxoaren 16an eginen duen kontseiluan, gaskoi okzitaniarraren sustapenerako 50.000 euroko aurrekontua bozkatuko du.

Kazeta|2019/03/15 07:05|0 iruzkin
Guz_gascon_euskara_bobedme102
Euskararentzako hizkuntza politika iaz erabaki zuten Euskal Elkargoko hautetsiek. © Bob EDME

Gaskoiak hiztun guti ditu. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eginiko azken inkestaren arabera, galdekaturiko 15 herrietatik soilik biztanleen %5ak menperatzen du hizkuntza hori, hots, sei mila bat pertsonak. Alta, %78 mantentzearen eta garatzearen alde ageri da.

Ondorio horietan oinarrituz, Euskal Elkargoak gaskoi okzitaniarraren sustapenerako hizkuntza politika bat prestatu du, zeina martxoaren 16an eginen den kontseiluan bozketara eramanen den. Proposamena onartuko balitz, 50.000 euro esleituko lirateke, gaskoiaren transmisio, hedapen eta kultur garapenerako.

Transmisioak haurtzaindegi eta aisi guneetan ekimenak barne bilduko lituzke, baita hezkuntza elebidunaren garapena eta helduen hezkuntza ere. Elkargoak bere komunikazioetan eta seinaleetan gaskoia erabiltzeko engaiamendua hartu eta herriek eta elkarteek bide bera segi dezaten lagunduko luke. Azkenik, kultur garapenaren bidez artistak lagundu eta lurraldean gaskoiaren alde diharduten eragileen arteko loturak sustatuko lituzke.

“Ez da deus behartua izanen, jendartearen babesa beharko baitu”, erran zuen Jean-René Etchegaray Elkargoko lehendakariak. 2018ko ekainean instituzioak euskara eta gaskoia bertako hizkuntza gisa aitortu zituen ofizialki, frantsesarekin batera.