Kazeta

Euskal Elkargoak zortzi igerilekuen prezioak bateratu ditu

Euskal Elkargoak herri elkargoek kudeatzen zituzten zortzi igerilekuen prezioak harmonizatzea erabaki du. Hemendik aitzina, 3 urtez beheitiko haurrak leku horiek guzietan urririk sartu ahalko dira eta “udako txartel” batek igerileku guziez gozatzeko aukera emanen du.

Udan, Ipar Euskal Herriko zortzi pizinatan ibiltzeko abonamendua sortu du Herri Elkargoak.
Udan, Ipar Euskal Herriko zortzi pizinatan ibiltzeko abonamendua sortu du Herri Elkargoak.

Joan den martxoaren 12an egindako batzorde eragilean, Euskal Elkargoak lehen herri elkargoek kudeatzen zituzten zortzi igerilekutara sartzeko prezio bera ezartzea erabaki zuen. Delibero honek Amikuze, Bidaxune, Errobi, Garazi-Baigorri eta Xiberoko igerilekuetan izanen du eragina.

Neurrien artean, hiru urtepeko haurrek sartzea urririk izanen dute. Era berean, “udako txartela” sortu dute, gisa horretan edozein igerilekuetara sartu ahal izateko. Helduek igeriketa egiteko aukera hobea ukan dezaten, “pluf espres” delakoa orokortu du. Beraz, arratseko idekieraren azken orduan edo eguerdiko pausan, sartzeak 2 euro baizik ez du balioko.

Elkargoak 3 eta 18 artekoen, ikasleen eta lan xerka ari diren jendeen kategoriak orokortzea ere erabaki du. Bestetik, “ahalmen urritasuna” duten pertsonen prezio berezia ezeztatuko du eta mugikortasun mugatua duten pertsonak urririk sartu ahalko dira.