Ikastoletako ateak publiko guziari idekiak

Urte guziz egiten den bezala, heldu den martxoaren 16an Seaskak bere ikastolen ateak idekiko ditu, nahi duen orok irakasleekin mintzatu, proiektua ezagutu eta lekuak bisitatu ahal izateko. Burasoak ere izanen dira, jendeak izaten ahal dituen galderak argitzeko.

Kazeta|2019/03/14 14:00|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-04-28_a_13.25.00
Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko 31 herritan presente da Seaska. ©Seaska

50. urteurrenean Seaskak jendarteari bere proiektua erakutsi nahi dio. Eskola egunaren antolaketa, proiektu pedagogiko ezberdinak, ikaslearen jarraipena, gastuak, haurtzaindegia... Hori eta ainitzez gehiago ezagutu ahalko da martxoaren 16an, Seaska federazioak bere 31 ama-eskolen ateak idekiko dituen egunean.

Egun Seaskak 4.000 ikasle ditu, 31 ama eskoletan eta lehen mailako ikastoletan, 4 kolegiotan eta Baionako Etxepare lizeoan banaturik. Nabarmentzekoa da ere zailtasunetan diren haurrei egiten dien harrera, aurten 20 urte bete dituen Integrazio Batzordearen bitartez.

Murgiltze eredua, abantaila

Seaskak ikastolek euskararen berreskurapenean jokatzen duten papera azpimarratu du, oroituz XX. mendean euskararen egoera ainitz okertu dela eta familia transmisioaren hariak eten bat ukan duela. Beraz, ikastolak euskara berreskuratzeko ezinbesteko tresna bilakatu dira eta horretarako murgiltze ereduak garrantzi berezia du. Gaur gaurkoz, Ipar Euskal Herrian eredu hori soilik Seaskak eskaintzen du, bere proiektua euskararen inguruan eraikia baita.

Modu okerrean, bada ikastoletan frantsesa baztertua dela pentsatzen duenik, baina ez da hala. Ikastoletan frantsesa ere irakasten da, helburu delarik lehen mailaren bukaeran haurrak elebidunak izatea eta bi hizkuntzak menperatzea, bestelako ereduetan eta zentroetan gertatzen ez den bezala. Euskararen berreskurapenari eragiten dio horrek, baina baita ikasleek jendartean aukera gehiago izateari ere.

Ildo horretan, Seaskak gogora ekarri du Frantziako Hezkuntza Ministerioaren programa ofizialak jarraituz, ikastoletako ikasleek estatuko azterketak pasa behar izaten dituztela. Erraterako, brebeta aise gainditzen dute ikasleek, beste ikastetxeetakoen frantses maila bezain ona dutelarik. Edozein gisaz, azterketa horiek euskaraz egiteko eskubidearen aldarrikapenak ez du etenik izan azken urteotan.

Herriko bizian txertaturik

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko 31 herritan presente direlarik, ikastoletako haur, buraso eta irakasleek herrietako animazio eta bizian parte hartzen dute, beste eskolekin eta elkarteekin lankidetzan. Euskara eta euskal kultura ardatz, beste kulturei idekiak ageri dira.

Ikasturtean zehar aktibitate franko antolatzen dira tokiko ikastoletan, hala nola, olentzeroa, ihauteak, Korrika... eta baita ateraldiak, baratzeen zaintzea, kantuak, dantzak, bertsolaritza eta beste hainbat ere.

Ikastolen ateak urte osoan idekiak badira ere, familiek eta oro har herritarrek martxoaren 16an hori guzia xehetasun handiagoz ezagutzeko parada izanen dute Ipar Euskal Herriko luze zabalean.