Bakearen aldeko beilaldia antolatu du Atxik Berrituz elkarteak

Atxik Berrituz elkarteak beilaldia antolatu du heldu den martxoaren 15ean Baiona Ttipiko San Andres elizan. Ekimenean, lekukotasun eta kantuekin batera, Euskal Herriko eta munduko bakearen alde otoitz eginen dute.

Kazeta|2019/03/14 07:10|0 iruzkin
Concert_st_pe_e
Atxik Berrituzek bakearen alde antolaturiko kontzertu bat. ©DR

Urtarrilaren 12an euskal presoen eskubideen alde Baionan eta Bilbon iragan manifestazioen ondotik, Atxik Berrituz elkarteak ildo horri segida eman nahi dio heldu den martxoaren 15ean Baionan antolatu duen beilaldiarekin. Hitzordua arratsaldeko 20:00etan emana da, San Andres elizan.

Igorritako oharrean, elkarteak adierazi du “lurralde honen etorkizuna molde baretu eta baketsuan” eraiki behar dela. Horretarako euskal presoen egoera kontuan hartu eta biktima guzien sufrimendua ere artatu behar dela azpimarratu du. “Hauek ezinbesteko baldintzak dira Euskal Herrian bake sendo eta iraunkor baten prozesua bideratzeko”, gaineratzen du oharrak.

Helburu horien alde talde eta pertsona ainitz engaiatu direla azpimarratu du Atxik Berrituz elkarteak, tartean apezak. Gogora ekarri behar da 40 apez inguruk joan den urtarrilaren 12ko manifestazioarekin bat egin zutela.

Martxoaren 15eko beilaldian, besteak beste, Vincent Bru diputatuaren lekukotasuna entzun ahalko da eta baita GALen atentatuen garaia hurbiletik bizi izan zuen Clement Soulé Baiona Ttipiko lagunarena ere. Kantuak ere izanen dira eta bakearen alde otoitz eginen dute.