Kazeta

Xiberoko osasun profesionalak bildu egin dira

Lurralde mailako osasun komunitate profesionala sortu dute pazienteak hobeki artatzeko eta lurraldean egintza bateratuak garatzeko.

Atharratzeko plaza iruditan. ©Gaizka Iroz
Atharratzeko plaza iruditan. ©Gaizka Iroz

Xiberoan Lurralde Osasun Komunitate Profesionalaren (CPTS) bulegoa bere hastapenetan da, martxoaren 5ean izendatua izan ondotik. Orain arte lurraldean sakabanaturik egon badira ere, bildu diren kideak prest dira elkarrekin lan egiteko.

Bazen osasun zentro bat, baina soilik erizainak, medikuak eta lehen baliabideetarako zenbait laguntzaileri begirakoa. CPTS bulegoak medikuen, botikarien eta etxeko arta profesionalen arteko koordinazio zabalagoa permitituko du. Atharratzeko Saint-Antoine Etxea, Paueko Ospitale zentroa, gizarte langileak... osasun komunitate osoa aintzat hartuko du. “Pazienteari ekarpen handiagoa egiten ahalko diogu”, erran du Jean-Claude Gaillard mediku eta elkarteko presidenteordeak. “Erraterako, erabakitzen ahal genuke guziak, hots, medikua, erizaina, dietista eta laguntzailea isolaturik bizi diren eta guti ikusten ditugun pazienteengana auto berean joatea”.

Lan egiteko manera berria eta osasunaren aktore hauek plantan ezarri nahi dutena emulazio bat da. Konparazio batera, koordinazio egitura honek eskoletan prebentzioa landu edo diabetesaren prebentziorako kanpainak garatzen ahalko lituzke.

Dordoinako Bergeracekoaren ondotik, Akitania Berrian abian jarri den bigarren esperientzia da Xiberokoa. Egitura hauek 2016tik existitzen dira, Frantziako Gobernuak osasun sistema eraldatzeko abiatu estrategiaren baitan, baina ez dira aski garatu. Estrategia horrek 2022rako 1.000 CPTS sortzeko xedea du berez eta 2019an ohiko negoziaketa bat abiatuko beharko litzateke bere diruztatzerako koadro iraunkor bat eskaintzeko. Gobernuak etxeko eta osasun zentroetako arta mantentzeko baliatu nahi lituzke eta baita eritasun kroniko ainitzen garapenerako osasun administrazioaren moldeak egokitzeko ere. “Hiriko mediku lanbidearen erakargarritasuna” ere sustatu nahi dute.