Tresna kutxa berria medikuen zahartzeari buru egiteko

Medikuen gabeziari eta landa-eremuetan hauen zahartzeari buru egiteko, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak eta Eskualdeko Osasun Agentziak ekimena hartu dute, tresnen kutxa bat sortuz.

Kazeta|2019/03/12 14:25|0 iruzkin
Doctor-563428_640
“Mediku presentzia 64” izeneko tresnen kutxa sortu berri dute.

Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko 680 medikuetatik berrehun baino gehiagok 60 urte dituzte. Beraz, arraberritzearen beharra begien bistakoa da. Aterabideak atzemateko, Eskualdeko Osasun Agentziak (ARS) eta Departamenduko Kontseiluak 50 osasun eragile inguru bildu ditu eta hainbat hilabeteko lanaren emaitza “Mediku presentzia 64” izeneko tresnen kutxa da. Joan den otsailaren 14an bozkatu zen Paueko Nafarroako Parlamentuan.

Uste orokorraren kontra, “mediku gazteek ez dute dirua xerkatzen, bizi-ingurune eta profesional bat baizik”, erran zuen Charles Pelanne Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko presidenteordeak, egindako diagnostikoaren ondorio gisa. Guzien artean 13 orritan laburturiko oinarrizko tratamendu bat garatu dute, gisa horretan orotako medikuei bizi-proiektu profesional eta pertsonal onargarri bat eskaini ahal izateko.

Badira hiru urte Maitena Chohobigaratek erretreta hartu zuen Irisarriko mediku bat ordezkatu zuela. Bertan sortua, aukera presentatu zitzaiolarik ez zuen zalantzarik ukan. Bere arabera geroz eta emazte mediku gehiago dagoen memento honetan, delibero bat hartzeko lan baldintzak erabakigarriak dira. “Haurrak ukan nahi badituzte, orentegi egokiak nahi dute, astean egun bat libre izanik eta eguneko 24 orduz eskuragarri izan gabe. Lehen medikuak 21etan deitzen ahal ziren, guardia iraunkorrean baitzeuden”, azaldu du.

Mahai baten inguruan bildurik

Parioa medikuen arraberritzea aitzin-ikustea da eta lurralde bakoitzerako formula egokituak xerkatzea. Departamenduak ez du gai honetan eskumenik, baina ARSren bidez aktore guziak mahai baten inguruan biltzen jakin du: medikuen ordena, eritasunen prestazioen oinarrizko kutxa, laborantzaren gizarte mutualitatea, sindikatuak, elkargoak eta etorkizuneko medikuak. “Guziek aterabideren bat zuten eta guzientzat aterabide bat atzeman genuen”, dio uroski Nadine Yale Mediku presentzia 64ko buruak.

Aterabide hau hainbat hilabetez Biarnoko Lembeye eta Garlinen entseatu da. Esperientziaren ondotik, lehena bi mediku ukaitetik lau izatera iragan da eta bigarrenak 2019an helburu bera lortuko du. Departamenduko kontseilariek eta ARSk lurraldeek tresna honetaz baliatzea espero dute. “Lurraldeak galdegitera gomitatzen ditugu, lagunduko baititugu”, dio kontseilariak.

Osasun profesionalen sare bat ezartzea, etorkizuneko medikuek informazioa ukan dezaten interneten leihatila bakar bat sortzea, ikastaldietako erakasleen formazioa sustatzea, ikastun langileen aterpea antolatzea edo senar-emazteei lana xerkatzen laguntzea. Gisa honetakoak dira kolektibo honek proposatzen dituen aterabideak edo heldu diren hilabeteetan abian jarriko dituenak.