Kazeta

“Behar guziei erantzuna ematen diegu, hori da gure indarra”

Christelle Minaberry Integrazio Batzordeko lan taldeko kidea da. Ahalmen urritasuna duten haurrak Seaskan eskolaratzeko lanean ari den elkarte honen lan moldeak eta beharrak azaldu dizkio MEDIABASKi.

Christelle Minaberry, lehenengoa ezkerretik hasita. ©Isabelle Miquelestorena
Christelle Minaberry, lehenengoa ezkerretik hasita. ©Isabelle Miquelestorena

Zeintzuk dira Integrazio Batzordeak ondoko ikasturte hastapenean izanen dituen beharrak?
 
Aurten, Ipar Euskal Herriko ikastoletan ahalmen urritasuna duten haurrak eskolaratzeko 127.000 euro beharko dira. 2019ko urtarriletik 111 haur dira lagunduak, jakinik kopurua emendatzen ari dela. Albiste biziki ona da. Erran nahi baitu ahalmen urritasuna duten haurren eskolaratzeak emendatzen segitzen duela.

Nork diruztatzen du haurrei ematen zaien laguntza hori?

Ahalmen urriko ikasle laguntzaileen (AVSH) gehiengoa Ikuskaritza Akademiak diruztatzen ditu. Baina, maleruski, testuak hor badira ere, Hezkunde Nazionalak ez ditu postu guziak diruztatzen. Ondorioz, gaineratekoak Integrazio Batzordeak bete behar ditu.

Horrek erran nahi du haurrak laguntzarik gabe egoten direla?

Justuki, diren behar guziak betetzea lortzen dugu. Hori da gure indarra. Behar guziei erantzuna ematen diegu eta egun, gure ikastoletan beharrak dituzten haur guziak lagunduak dira. Desafioa hor da beti, beharrak emendatzen ari baitira eta erantzuna ematen segitu beharko baitugu. Edo haurrak Ikuskaritza Akademiak osoki diruztaturiko AVSHrengandik lagunduak dira edo guk beteko dugu laguntza hori.

Eta Ikuskaritza Akademiak diruztatzen ez duena nola bermatzen duzue?

Erraterako, emaitzak egiteko kanpainak egiten ditugu. Aurten, Integrazio Batzordea abiatu zenetik hogeigarrena egiten ari gara. Gure lankideei, elkarteei, norbanakoen ekarpenei eta ikastolako buraso boluntarioei esker segitzen ahal dugu inklusioaren alde borrokatzen eta beharrak betetzeko moldatzen. Noski, guziak eskertzen ditugu.

Zehazki, zein dira haur horien beharrak?

Laguntzak oso pertsonalizatuak dira. Zaila da orokorrean erantzutea. Adibidez, bada klaseko laguntza, haurrarengandik hurbilago manua berriz azaltzeko, edo oharrak antolatzeko laguntza emateko. Aldakorra den laguntza humanoa da.

Nola egiten zaio harrera haur bakoitzari?

Ahalmen urriko pertsonen Departamenduko etxeak (MDPH) kudeatzen du. Familiak laguntzarako eskaera egiten du eta MDPHren batzordea batek erabakitzen du haurrari zenbat oren ematen zaizkion. Ondotik Ikuskaritza Akademikoari dagokion oren horiek diruztatzea.

Hainbat ikastoletan IEP (Inklusiorako Egitura Pedagogikoa) dispositiboa plantan emana da. Zer den azal dezakezu?

Eskola inklusiorako unitate bat da. Gehienezko ikasle kopuru hamabikoa da. Espezializaturiko irakasle bat bada eta baita ikasle guzientzat AVS arrunt bat ere. Haurra bere adineko taldean mantentzen da, baina urteko memento jakin batean nozioren bat ikasi behar badu, IEP klasean sartzen da eta denbora gehiago behar du ikasgaia barneratzeko. Hezkunde Nazionalean aspaldi existitu izan den dispositibo bat izan da eta Seaskan ere sortu zen. Lehen IEP klasea 2010-2011n ideki zen Kanboko Xalbador kolegioan. 2015-2016an Piarres Larzabalen, beste bat Larzabaleko Erdozaintzi-Etxart kolegioan eta azkena 2018ko irailean, Donibane Lohizuneko ikastolan.