Korrikan ere ahobizi eta belarriprest izateko deia egin dute AEK-k eta Topaguneak

Euskaraldiaren eta Korrikaren antolatzaileek agerraldia egin dute Bilbon eta Garestik Gasteiza, apirilaren 4tik 14ra, eigngo den Korrikan Euskaraldiko esperientzia errepikatzeko «testuinguru paregabea» ematen duela adierazi dute. Honela, ahobizi eta belarriprest izateko deia egin diote jendarteari.

naiz|bilbo|2019/03/06 11:28
Korrika
Korrikan ahobizi eta belarriprest izateko deia egin diote jendarteari. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Korrikak Euskaraldiko esperientzia errepikatzeko «testuinguru paregabea» ematen duela adierazi dute gaur AEK-ko eta Topaguneko ordezkariek, Bilboko Itsasadarra museoan egindako agerraldian. Joan den urteko abenduaren 3an amaitu zen Euskaraldiaren lehen esperientzia eta, antolatzaileen hitzetan, «arrakasta handiz amaitu ere».

Ildo beretik, «Korrikan ahobizi eta belarriprest gisa» jarduteko deia egin dute Euskaraldiaren eta Korrikaren antolatzaileek. «Klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira». Hala mintzatu da Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia. Euskaraldian parte hartu dutenek «euren hizkuntza-praktikak aztertu eta ohiturak aldatzeko erabakia» hartu zutela gogorarazi du.

Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, aldiz, dei egin die ahobizi eta belarriprest guztiei «euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eutsi eta euskarazko harremanak zaintzeko». Garestik Gasteiza, apirilaren 4tik 14ra, eigngo den Korrika ariketa hori errepikatzeko «testuinguru ezin hobea» izango dela nabarmendu dute.

Hala, ahobizi eta belarriprest guztiei dei egin diete ikurrekin eta portaerekin ohitura-aldaketa hori ikusaraztera, «AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, Klika egiteko, aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko».