Kazeta

Gobernantza Paktu berrirako proposamena aurkeztu du EH Baik

Euskal Herria Baik Euskal Elkargoaren gobernantza paktu berrirako ekarpena aurkeztu du. Hauteskundeak 2020an izanik, orain arteko hitzarmena bukatuko da eta heldu den mandatuari begira mugimendu abertzaleak uste du beharrezkoa dela kontseilariak hautatu aitzin herritarrei hitzarmenaren nondik norakoak argitzea.

Anita Lopepe et Iker Elizalde, EH Baiko kideak prentsaurrekoan. © Guillaume FAUVEAU
Anita Lopepe et Iker Elizalde, EH Baiko kideak prentsaurrekoan. © Guillaume FAUVEAU

Euskal Elkargoaren Kontseilua heldu den martxoaren 16an bilduko da eta bilkura horri begira eztabaida abiatzeko proposamenaren zain dira organo hori osatzen duten hautetsiak. EH Baik eztabaida horretarako ekarpena aurkeztu du, helburu zehatz batekin. “Euskal Elkargoaren arrakasta bermatzea zinez inportantea da eta horrek eskatzen du sortzaile jokatzea gobernantza moldeari buruz”, laburbildu du Anita Lopepe bozeramaleak Baionan egindako agerraldian.

Lopeperen erranetan, “herritarren beharrei erantzutea eta lurraldearen aniztasuna ongi ordezkatzea” ezinbesteko osagaiak dira, “erakundetze prozesuan ondoko etapa igarotzeko baldintzak sor daitezen”. Gisa horretan Lurralde Kolektibitateari erreferentzia egin dio.

“Instituzioaren maila guzietan Euskal Elkargoaren lurraldeen aniztasuna kontuan hartzea proposamenaren oinarrizko printzipio bat da”, adierazi du Iker Elizalde kontseilari hendaiarra alboan zuela. Gaineratu duenez, ekarpenak “lurralde poloetan eta Bateraren auditan agertu diren ahuleziei eta entzun diren arrangurei ere erantzun nahi die”.

Lurralde poloak erdigunean

Proposamenean osoko bilkuraren funtzioa duen Elkargoaren Kontseiluaz ez da aldaketa handirik, bertan herri guziak ordezkatuak direlako eta osaketa, kontseilari kopurua eta ahalmenak legeak finkatzen dituelako.

Alta, exekutibo papera betetzen duen Batzorde Eragilean 25 kide izatetik 32ra iragatea proposatu du mugimendu abertzaleak, gisa honetan banaturik: lehendakaria, hamabi lehendakariorde, politika sektorialetarako bederatzi delegatu eta lurralde polotako hamar arduradun. Azken hauek ordezkatzen duten lurralde poloa animatzeko ardura lukete.

“Batzorde Eragilean parte hartuz permititzen dugu poloetako arduradunak erabaki guneen zentroan egotea eta haien funtzioa molde eraginkorragoan betetzea”, erran du Lopepek. Gainera, kide kopurua emendatuz parekotasunean urrats kualitatibo bat emanen litzatekeela uste du EH Baik. Poloetako lehendakariak poloek berek hautatuko lituzkete.

Poloei loturik, lurralde lan taldeak sortzeko beharra ikusten du, “Elkargoko kontseilariak eta herri kontseilariak bilduz”. Hamabi batzorde tematikoetan berriz, “gizarte zibila ordezkatua izateko” Garapen Kontseiluko hiru ordezkari izatea ere gaineratzen du proposamenak.

Ardura instituzionalen metaketa mugatu

Euskal Elkargoaren etapa osoki garatzeko parioa egiten duen mementotik, EH Baik uste du instituzioak osoki inplikatuak diren hautetsiak behar dituela. Horrela, Batzorde Eragileko 32 kideak aldi berean Departamenduko nahiz Eskualdeko hautetsi edo parlamentari ezin direla izan proposatu du. Gisa berean, Elkargoko lehendakaria hautatua izan eta, auzapez funtzioan ezingo luke segitu, lehendakari zereginei dedikazio osoa emateko.