Transmisioa denboran irauteko

BIDEOA- Anitzak dira ihauterien garaian plazetara ateratzen diren ohiturak. Kultura horrek urte luzaz iraun dezan, transmisioaren garrantzia funtsezkoa da. Maskaradetan, libertimenduan zein berriki Urruñan sorturiko elkartez-elkarte ekimenean dihardutenek ihauterien ohituren biziraupenaren giltzez hausnartu dute.

Iurre Bidegain|2019/03/05 06:35|0 iruzkin
Loading player...

Amarengandik, lagun batengandik, edo herriko jakintsuengandik. Askotarikoak dira ihauteri garaian ospatzen diren ohituretan parte hartzearen jatorriak. Lekuko hori elkar pasatzeari esker luzaz iraun dute hainbat ekimenek Euskal Herrian. Beste kasu batzuetan, haatik, bertan behera gelditu behar izan dute.

Ion Elizondo eta Maika Baron modu ezberdinetan hurbildu ziren duela hamar urte Urruñan ospatzen zen etxez-etxe ekimenera. Urte luze hauetan, geroz eta gazte gehiago hurbildu dira eta horrek biziraupena eta garapena ahalbidetu ditu. Hain zuzen, aurten, berrikuntza gisa, etxez-etxe ibili ordez, pertsonai ospetsuek beren dantzak elkartez-elkarte eskaini dituzte .

Urdiñarbetar gazteek maskaradak eskaintzeko helduagoen laguntza izan dute aurten. Belaunaldiz belaunaldi jakintza hori transmititzea funtsezkotzat jo du Jean Jacques Etxeberri predikuen idazleak. Behin baino gehiagotan nabarmendu duenez, helburua ez da gazteek baino gehiago dakitela nabarmentzea, baizik eta dakitenaz ohartaraztea haiek horretaz jabetzeko. Hori guzia, helburu bakar batekin: urtero-urtero, maskaradak antolatu daitezen segurtatzea.

Berrikuntzaz josita etorri zen ere Donapaleuko Libertimendua. Burgaintziko dantza taldearen mutxiko berriaz gain, zirtzilen taldean ere parte hartzaile berriak izan ziren. Euskaltzale horiek irri egiteko parada aurkitzeaz gain, euskaraz sorkuntzak bultzatzeko aukera atzematen dute Libertimenduan. Euskal Herri euskaldun bat eraikitzeko tartea, hain zuzen. Jean Jacques Etxeberrik dioen bezala, "lehenik, transmisioa, hizkuntza baten transmisioa da".

Ihauterien gaiari loturiko hainbat ikerketa burutu ditu Antton Lucu idazleak. Bere erranetan, ihauteriek denboran iraun dezaten lan kolektiboa beharrezkoa da eta horretarako "anitz eman behar da". Nahiz eta etorkizunari begira baikorra den, "erne" egon behar dela azpimarratu du, euforia baten ondotik gelditzeko arriskua ere hor dagoelako.