Donibane Garaziko besta komitea kinka larrian

Elkartekideak egoera zaila iragaiten ari dira, eta Herriko Etxeak berak antolatuko ditu ondoko bestak.

Kazeta|2019/03/04 13:51|0 iruzkin
Donibane_garazi
Abuztu erdian dira Donibane Garaziko bestak.

Egoera katramilatua da Donibane Garaziko Herriko Etxean. Duela hiru aste, besta komiteak bere kargua utzi nahi zuela adierazi zuen 2018ko kontuekin bilkuran. Ez da oraindik elkartearen bukaera, baina kasik.

Ofizialki besta komitea badago beti, eta ondoko besten antolaketan parte hartuko du Herriko Etxeko animazio taldearekin. Talde horretan, peñak eta ostatuak badira ere adibidez, baina bultzatzaile nagusia Herriko Etxea izanen da.

Donibane Garazin, gauza jakina da Herriko Etxea eta besta komitearen arteko harremanak konplikatuak direla azken urteetan. Alphonse Idiart auzapezak gazteen hautuak kritikatzen omen zituen anitzetan. "Igandeko elkarteen eguna ez zuen maite, eta presoen bazkaria programa ofizialean agertzea ez zuen soportatzen ahal" oroitzen du oposizioko hautetsia den Isabelle Henryk.

Gazteak falta dira

Gazteekiko presioa emendatzen ari da, bereziki urte batez, emaitza ekonomikoak ezkorrak direlako. Auzapezak besta komitearen konduak ikuskatzeko eskubidea ematen dio bere buruari, Herriko Etxeak 10.000 eurotako laguntza eskaintzen baitu Donibane Garaziko bestentzat. Bilkura guzietan parte hartu duen Isabelle Henryk oroitarazi duenez, “gazteek egindako eskaintzak kritikatzeko baliatu zituzten bilkurak. Eskasa dela etengabe entzutean, azken buruan ez duzu segitu nahi”. Alphonse Idiartek ez ditu Mediabasken deiak erantzun.

"Adibidez, ez dugu deus elkarteen egunaren kontra", ziurtatu du bere aldetik gehiengokoa den Emmanuel Duplaceauk. "Baina antolatzeko biziki kario denez, agian bestetatik kanpo ezarri beharko genuke." Eta gehiengokidea duen Patricia Arrangoisek gehitzeko: "tentsioak izan dira bai, baina bi aldeetatik, eta guk ez dugu sekula deus debekatu."

Dena den, begi bistakoa da, kideak urrituz joan direla azken urteetan komitean. Gazteak falta dira, tentsioak izan edo ez. Duela lau urte Facebooken argitaraturiko argazki batean, 23 gazte agertzen dira. Egun baino bi aldiz gehiago.