Aldudeko posta bulegoa azkenean ez dute hetsiko

Aldude ibarreko auzapezak uros ziren astearte honetan Baionan suprefeturan ukan zuten bilkuratik atera ondotik. Posta bulegoa ez dela hetsiko ziurtatu diete.

Kazeta|2019/02/27 14:14|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-02-27_a_07.50.39
Hendaiako hondartzako posta bulegoaren aldeko elkarretaratzea antolatu zuten otsailaren 22an. ©Iurre Bidegain

Tokiko hautetsiak, Pirinio Atlantikoetatik senatari den Frédérique Espagnac lagun zutela, Baionako suprefeturan errezibituak izan ziren otsailaren 26an. Eztabaidagaia, La Postek Aldudeko posta bulegoa hesteko urte hastapenean harturiko deliberoa.

Bilkuraren ondotik Michel Ernaga Urepeleko auzapezak jakinarazi zuen azkenean bulegoa ez dela hetsiko. “Aldudeko posta bulegoak idekita segituko duenaren baieztapena izan dugu”, erran zuen. Halere, Ernaga ez da guztiz harritu, uste baitu La Postek ez zituela lege prozedurak errespetatu. “Aurreikustekoa zen hesteko deliberoarekin bukaerara arte heltzera ez permititzea”.

Aldude ibarrean bakarra den posta bulegoaren geroaz gogoetatzeko lan batzorde bat eratuko dute. “Hiru herriak, ibarreko eragile ekonomiko eta kulturalak, Merkataritza eta Industria Ganbera eta La Posteko zuzendaritza bilduko ditu”, baieztatu zuen Ernagak. Talde hau suprefetaren gerizan arituko da.

Hendaiako hondartzako bulegoa hestear

Hendaian ez daude aldudarren egoera berean. Iazko irailean Pausuko posta bulegoa hetsi ondotik, Hendaiako hondartzako bulegoa ere hetsiko zutela aurreratu zuen Kazeta.eus atariak. Herriko Etxearen eta hainbat eragileren ezadostasunak eta deliberoa aldatzeko ahaleginak ez du egoera aldatu.

Posta bulegoa ostegun honetan hetsiko dute eta biharamunetik aitzina, Pausun egin zuten bezala, saltegi batek hartuko du posta zerbitzuaren kudeaketa.