Bixintxo Bilbaoren kontrako zigorra bertan behera uztea galdegin du Eusko Jaurlaritzak

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Bixintxo Bilbao pilotariari ezarritako zigorra bertan behera uzteko eskatu du Eusko Jaurlaritzak. EH Bilduk hiru euskal instituzioen esku hartzea eskatu du zigorra bertan behera gera dadin.

Kazeta|2019/02/26 14:02|0 iruzkin
Ffpb-bixintxo-bilbao
Bixintxo Bilbao iazko finalean ikurrina eskuan. (FFPB)

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Bixintxo Bilbao pilotari lapurtarrari ezarritako zigorrak hautsak harrotu ditu. Iazko Munduko Txapelketa irabazi zuen ziburutarrak eta ikurrina eskuan ospatu zuen, legez Frantziarekin jokatu behar izanda ere bere jatorria aldarrikatuz, Naiz atariak azaldu duenez. 

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Gasteizko Legebiltzarrean eta Lakuako Gobernuari zigor hau bertan behera gera dadin esku hartzeko eskatu dio. Gainera, Nafarroako Gobernuarekin eta Euskal Elkargoarekin batera «Nazioarteko Pilota Federazioarengana jo» eta «behar diren gestioak egin ditzan» eskatu dio zigorrik egon ez dadin. 

Lehen urrats bat izan da gaur bertan bide horretan, Lakuako Gobernuko Kirol zuzendaritzak gutuna bidali baitio Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari zigorraren ezarpena salatuz. Jon Redondo da bertako zuzendaria eta adierazi du ez dutela uste hamabi hilabeteko zigor hori legezkoa denik, gainera «euskal pilotaren jardueran esku hartzen dugun eragile guztion giro ona sustatzeko» kaltegarria dela dio. Redondok adierazi du «ulertezina» dela ikurrina ateratzea «arau-hauste larri» gisa hartzea, «ikurrina nazioartean modu ofizialean aitortutako lurralde baten sinboloa» den neurrian. 

Lakuako Kirol zuzendaritzak uste du ez dagoela ikurrina erakustea debekatzen duen araurik eta horregatik Bilbaori ezarritako zigorrean ez dela artikulu zehatzik aipatzen. 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK