Kazeta

Bi apartamendu terapeutiko estreinatu dituzte Uztaritzen

‘Office 64 de l'Habitat’ bulegoak Uztaritzeko Mahasti Landan bizitegi eraikin bat aurkeztu du. 18 etxebizitza ditu eta horietariko bi, autonomia maila bat ukan dezaten ahalmen urriko pertsonentzat izanen dira.

Etxebizitza berriak otsailaren 21ean estreintu zituzten. © Guillaume FAUVEAU
Etxebizitza berriak otsailaren 21ean estreintu zituzten. © Guillaume FAUVEAU

Uztaritzen estreinatu den Maheva proiektua (harrera, aterpe eta bizi autonomorako etxea) Pirinio Atlantikoetako Departamenduan abian jarri den lehena da. Mahasti Landako bizitegi eraikineko 18 apartamenduetatik bitan, ahalmen urriko pertsonak bizi dira.

Apartamendu partekatu baten gisako komunitate ttipi honetan, 45 eta 55 urte bitarteko bost pertsonako talde bat bizi da. Menekoak direnez, egunerokotasunean arreta iraunkorra behar dute eta kanpoaldearekiko harremana errazteko beti laguntzaileak dituzte ondoan.

“Bizitegi hauek SEAPBen* babespean diren eta urritasun fisikoak dituzten pertsonentzat erreserbatuak daude”, erran du Bruno Carrere Uztaritzeko auzapezak. “Lehenago ospitalizatzen zituzten, nahiz eta ospitalizazio hori arrazoitua ez izan. Hemen etxean dira eta arta jasotzen dute. Zaintzen dituztenen arabera, ospitalearekin konparatuz aitzinamendu handiak egin dituzte, etxe bateko bizimodua dutelako, ez ospitalean bezala”, azaldu du Carrerek.

SRU legeak (Hiri Solidario eta Berritze legea) herriei etxebizitza sozialetarako %25 tasa ezartzen dien heinean, Bruno Carrerek dio etxebizitza herritar guzientzat eskuragarri izatea dela haien nahia, oroituz lurraldeko biztanleriaren %80ak jaso dezakeela etxebizitza soziala.

 

* Sauvegarde de l'enfance à l'adulte Pays Basque elkartea.