Kazeta

Frantziako hezkuntza lege proiektuak ezinegona eragiten du

Otsailaren 19an Frantziako Asanblada Nazionalean bozkatu behar zen “konfiantzazko eskola baterako” Blanquer legeak, besteren artean, nahitaezko irakaskuntza hiru urtetatik hastea jasotzen du. Lege proiektuan jasotzen denez, gela guzietan frantziar bandera eta Marseillesaren hitzak bistan izatea ere derrigorrezkoa izanen da.

Jean-Michel Blanquer ministroak proposatu du lege proietua.
Jean-Michel Blanquer ministroak proposatu du lege proietua.

Ipar Euskal Herriko irakasle ainitz aztoratuko dituen legea ezarri nahi du Frantziako Gobernuak. Gela guzietan frantziar bandera ezartzea eta Marseillesa ereserkiaren hitzak bistaratzea derrigorrezkoa izanen da. Alta, horiez harago, Macronek onartu nahi duen lehen legean jasotzen diren bestelako neurriek ere irakaskuntzan lanean dabiltzanen ezinegona eragiten dute.

Neurri horien artean daude derrigorrezko irakaskuntza 3 urtetik aitzina hastea, eskolak eta kolegioak batzea, eskolen ebaluazio kontseilu baten sortzea, “funtsezko ezagutzen ikastetxe publikoak” plantan ematea... Ardatz nagusi horiek ditu deituriko “konfiantzazko eskola” lege proposamenak eta joan den otsailaren 19an bozkatua izan behar zen.

“Oinarrizko eskolak”

Horra Cecile Rilhac LREMeko eurodiputatuaren ideia. Bere emendakinean, ama eskolako sail ttipienetik kolegioa bukatzen deneraino “funtsezko ezagutzen ikastetxe publikoak” proposatzen ditu, “oinarrizko eskolak” ere deiturikoak.

Neurriak hiriguneei eta landa eremuei eragingo liekeen heinean, klaseen eta eskola zuzendarien murrizketa ekartzen ahal duela uste du ainitzek. Sud-Education sindikatuaren iritziz, “eskolak saldoan hetsiko dira, bereziki landa eremuetan”.

3 urtetatik derrigorrezko eskola

Lege honek derrigorrezko irakaskuntzaren hastapena 6 urtetik 3ra eraman nahi du eta horrek ama eskolen diruztatzeari buruzko zalantzak sortzen ditu. Hezkuntza Ligaren arabera, “derrigorrezko irakaskuntzarako adina jaustean, gobernuak tokiko kolektibitateen diruarekin eskola pribatuentzat izanen diren 150 milioiko txeke bat izenpetzen du”.

Elkarte honen iritziz, “haur guzien eskolatze hobe baterako neurri honek ondorio desorekatuak izanen ditu: herriko etxeek haien lurraldeko ama eskola pribatuak diruztatu beharko dituzte”.

Ebaluaziorako instantzia berria

Eskolako ebaluazio kontseiluak, eskola sistema nazionaleko ebaluazio kontseilua ordezkatuko luke. Lege berriaren arabera, erakunde honen helburua izanen da “frantziar eskola sistemaren eraginkortasuna ebaluatzeko tresna efikaz eta aitortu batean bilakatzea”.

Tresna hau frantziar eta atzerriko herritartasuna duten hamabi kidez osatua izanen da. Hezkuntza Ministroak lau pertsonalitate izendatuko ditu, beste lau Ministerio bereko ordezkariak izanen dira eta gaineratekoak, bi diputatu eta bi senatari. 

Frantziar sinbologiaren inposizioa

Hezkuntza Ministerioak klaseetan frantziar bandera izatea eta Marseillesaren hitzak bistaratzea baitezpadakoa ikusten du. Ezkerreko indarren kritiken artean, Sud-Education sindikatuak “gorazarre nazionalistatzat eta demagogikotzat” jo du neurria. CGT-Education sindikatuarentzat berriz, “emendakinek lege proiektu hau iraganeko ideologia autoritario batean iltzaturik egotea eragingo dute”.