Otsailaren 24an libertimendua ospatuko da Donapaleun

Hamaikagarren urtez, igandean ihauteetako libertimendua eginen dute Amikuze ibarreko herrian. Kabalkada goizeko hamarretan abiatuko da eta herria zeharkatu ondotik, dantzaz eta musikaz osaturiko ikusgarri koloretsua eskainiko dute.

Kazeta|2019/02/22 07:29|0 iruzkin
Zirtzilak
50 gazte inguru biltzen dira Libertimenduaren baitan.

Ihauteak Euskal Herriko herri eta txokoak hartu dituen honetan, Amikuzeko ibarra ez dago ospakizunetatik aparte. Igandean, hilak 24, libertimendua eginen baita Donapaleun.

Goizeko 10:00etan Airetik plazan emana da hitzordua. Bertatik aterako da kabalkada eta herriko hainbat karrika iragan ondotik, plaza nagusian ikusgarria eskainiko dute. Dantzak, zirtzilak eta musikarekin batera, Aimar Karrikak eta Patxi Iriartek haien bertsuekin animatuko dute goiza.

Aurtengo berritasun gisa, Burgaintziko txarangak eta dantzariek mutxiko berri bat estreinatuko dute. Zirtzilen artean ere, belaunaldi aldaketa bat gertatuko dela iragarri dute. Ikusgarriaren ondotik, Airetik gelan herri bazkaria eskainia izanen da eta hor ere ez da animaziorik faltako, kantuak, dantzak eta bertsuak arratsalde osoan zehar izanen baitira.

Antolatzaileen arabera, “ihautea bizirik da” eta horren froga da libertimenduak ibarreko 50 gazte inguru biltzen dituela. Hitzordua prestatzen hilabeteak daramatzate amikuztarrek. Igandean aro ona iragarria denez, jende andana bat biltzea espero dute.