Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez
Berri Txarrak taldeko kideak

Berri Txarrak: “Kontzertuen erdia bakarrik dago iragarrita”

‘Ikusi arte’ erraten hasi da Berri Txarrak. Iragarritako azken biraren bigarren kontzertua eskaini zuen otsailaren 16an Biarritzen Seaskaren 50 urteen ospakizunean. Apirilaren 4an Ipar Euskal Herrira itzuliko dira Hazparneko Ttattola Gaztetxean jotzeko. Gorka Urbizuk, Galder Izagirrek eta David Gonzalezek taldearen inguruan sorturiko fenomenoa nola bizi izan duten eta ibilbideari geldialdi bat emateko arrazoiak azaldu dizkiote KAZETA.EUSi.

"Ikusi Arte Tour" biraren bigarren kontzertua Biarritzen eskaini duzue. Nora iritsi gara ‘gero arte’ hau errateko punturaino?

Gorka Urbizu: Hogeita bost urteren ondoren, hori hasteko. Mamitzen joan den zerbait da. Nik bi arrazoi ematen nituen. Batetik, higadura, hogeita bost urtez inolako etenik gabe jotzearena. Lehen lerroan egote horrek sortzen duen ardura eta autoexigentzia maila hori. Talde hau gainera, ez dabil brometarako. Beti saiatu gara mugak apurtzen. Dedikazio handia eskatzen dizu. Bestalde, ziklo bat hetsi eta gauza berriak egiteko premia da ere bai.

Trending topic, webgunean blokeatuak, sartzeak oren erdian agortuta… Asimilatzen duzue gertatu den fenomeno hau?

Galder Izagirre: Eskuetatik joan da pixka bat. Oso birala egin da eta neurtzeko zaila da zein puntura arte ez ote den fenomeno bat non gure izenetik kanpo ere dagoen. Ez dugu herri honetan horrelakorik ezagutu eta guri tokatu zaigu. Nolabait ere, abstraitu behar zara. Distantzia hartu behar duzu, bestela sartzen zara zurrunbilo batean non oso zaila zaizun sinestea edo zure burua kokatzea pasatzen ari den horretan. Hori martxa batean doa eta zuk zurera joan behar duzu.

Berrogeita bost hitzordu iragarri dituzue munduan gaindi. Ikuslearentzat kontzertu bakoitza berezia izanen da. Zuentzat, ez ote da zaila emozio hori mantentzea emanaldi bakoitzean?

David Gonzalez: Erdia bakarrik iragarrita dago. Gehiago gelditzen dira. Saiatu gara data guztiak kontzertuz betetzen, pentsatzeko denborarik ez izateko.

Galder Izagirre: Berri Txarrak oholtza gainean ez da modu automatikoan dabilen talde bat. Kontzertu bakoitzak izango ditu bere kantuak, desberdinduko dituenak beste kontzertuetatik. Horrek eragiten du ere guretzat energia ezezagun bat sortzea. Behintzat prestatuta ez zegoena.

Pertsonalki zein ikasgairekin geldituko zinatekete ibilbide luze honen ondotik?

David Gonzalez: Nire azkenengo 11 urteak talde honi ligatuta egon dira. Heldutasun puntu hori hartu dut eta amets asko egi bihurtu ditut talde honetan. Etxean baino, eszenatoki batean pasa dut nire denbora. Nork esango zidan duela hogei urte entzuten nituen diskoen ekoizleekin grabatzen egongo nintzatekeela.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, zer oroitzapenekin geldituko zinaketete?

Gorka Urbizu: Nik gogoan dut eta ez zait inoiz ahaztuko, ‘Ikasten’ atera genuenean, hemen askoz ere hobeto ulertzen zen gure diskurtsoa Hegoaldean baino. Guretzat izan zen horrelako estilo aldaketa bat, ez dakit berritzailea ote zen, baina momentuan egiten zen zerbait zen eta ez zegoen euskal eszenan soinu hori lantzen zuenik. Kontzertu oso bereziak ziren. Jendea askoz ere basatiagoa. Talde honekin kontzertu mota ezberdinak eman ditugu. Zizpan edo Herri Urratseko anfiteatro natural horretan. EHZk ere daukan puntu berezia…

Seaskak ekarri zaituztete Biarritzera. Zer errango zeniekete elkarteko kideei?

Gorka Urbizu: Ikaragarria dela beren ekarpena. Zailtasunak zailtasun, sekulako meritua dauka. Batez ere azkenengo urteetan nekagarria eta etsigarria izan behar dela eurentzako beti negarrez ibili behar hori. Gauzak aldarrikatzen, eskubide linguistikoen alde eremu zailean...Meritu bikoitza dauka. Etorkizuna gurea dela, beraz eutsi horri.