Jean Sebastien Mora

Bialowiezako oihana arriskuan

Zuzenbidea eta Justizia (PiS) alderdi kontserbadorearen Poloniako gobernuak zuhaitz mozketak 2017ko abenduan ofizialki eten bazituen ere, Bialowiezak, kontinente honetako azken oihan primarioetako batek, arriskuan segitzen du. Europako Justizia Auzitegiak oihana babestu zuen, baina agintariek mozten jarraitzen dute, azpijokoan, «segurtasunezko mozketak» eginez.

Bialowiezako oihan primarioa oraindik arriskuan da.
Bialowiezako oihan primarioa oraindik arriskuan da.

Urkia, xarma, haritza, izeia, pinu gorria: pinazeo eta pagadi esentziak azkar nabari dira oihanean sartu orduko. Oreka ekologiko ederrean dira gizonen ustiaketa jasan ez duten oihan primario hauek. Białowiezako zuhaitzen eremuak 140.000 hektarea betetzen ditu, Poloniaren eta Bielorrusiaren artean. Izozte garaia amaitu zenetik Europan zabaldu zen oihan bera da.

Basoan sartu eta, enbor batzuk benetan txundigarriak dira: horra hor bi metroko diametroa duen haritz zahar bat, dirudienez 550 urte lituzke. Oihaneko erraldoien antzera, bere adinaz ohar gaitezke: non bihotzeko txantxarrak, non izerdi jarioak, arraildurak tarteka, onddo batzuk eta azala lehertzen hasia… Mikro-ekosistema hauetan ugaztun txiki andana ere bizi dira, eta bereziki xomorro saproxilikoak, egurraren deskonposaketan parte hartzen duten espezieak. Arbolaren zahartzaroan biderkatzen diren xomorro hauek oihan primarioen ezaugarri dira.

Okilak entzuten dira orain, beren mokokatze erritmikoaz: okil beltza, okil grisa, gibelnabarra. Bederen 250 txori espezie aurkitu dira Białowiezan. Bisonteak ere badira, gutxi gorabehera 600, Europako azken erbeste gune dutelarik. Konik basazaldientzat ere bizigunea da; historiaurreko zaldien oso antzekoak dira. Oihanean barna sakonago, enbor eroriak ikus daitezke, goroldioz estaliak; hemen, urri den bezala, heriotza naturalez hil eta zahartzearen zahartzez erortzen dira zuhaitzak.

Oihaneko jaunttoak. Lehenbizi, Poloniako erregeek eta Errusiako tsar-ek babestu zuten basoa, ehiza erreserba egiteko. Gero, erreferentziazko oihana egin zuten zientzialariek eta 1976an Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen, balio unibertsal berezia eta aparteko natura garrantzia duen gune bat dela azpimarratuz.

Alta, 2015ean borrokaleku politiko-ekologiko bihurtu zen, PIS (Zuzenbidea eta Justizia) alderdi erreakzionarioa boterera iritsi zenean. Izan ere, Jan Szyszko Ingurumen ministro berriak zuraren industriari zuhaitz mozketarako gune zabalak baimendu zizkion. Bere aitzakia, koleoptero bat: Ips typographus, kakalardoak kalteak egiten baititu izeietan.

Dzika Polska (Basa Polonia) fundazioko Adam Bohdan ekologistak dioenez, «gure amesgaiztoa egia bihurtu zen». Alta, oihanean mozketak egiteko aginduak eman, eta berehala oldarra piztu zen talde ekologisten aldetik (Client Earth, Greenpeace edo Bird Life), baita zientzialarien aldetik ere: «Aitzakia soila zen xomorro hori; hamarkadetan ezagutua izan da hemen inongo arazorik sortu gabe», dio Nuria SelvaBiologian doktoreak. Białowiezan bizi da bera duela hogei bat urte, eta Poloniako Naturaren Babeserako Institutuarekin elkarlanean ari da. Azaldu digunez, oihanen kudeaketa berriarekin zuhaixken landatzeak egiten dira, eta ironia badirudi ere, horixe da kaltegarriena. «Kanpoko espezie exogenoak sartzen direnean, bertako oreka hausten da, lurrari izaera eraldatzen zaio eta parasito berriak ere sar daitezke. Białowieza bera bakarrik arraberritu daiteke bakean uzten badugu».

Gaur egun, Poloniaren heren bat estaltzen dute oihanek. Hemen ere, oihanak boterearen tresna izan dira: non ehiza gune, non zur iturri nagusi ontziolarako, gerlarako, eta gero aroztegi eta labe garaietarako. «Interes ekonomikoaz gain, egur mozte honek erakusten du agintari ultrakontserbadoreek dena kontrolatzeko duten borondatea», dio Adam Wajrak, “Gazeta Wyborcza” egunkariko kazetariak.
Bielorrusiako lurretara ere iristen da Białowieza basoa, eta ia eremu osoa parke nazional izendatua izan da; Polonian, aldiz, eremuaren %17 soilik dago babestua: partzela zatikatuak dira, eta haietarik 4.500 hektarea dira ezin ukituzkoak. «Beste guztia Natura 2000 Europako labelpean dago, eta teorian ustiaketa irekia da horietan», dio Adam Wajrak-ek.

Ekologistak borrokan. 2017ko udaberrian bost ebakitze makina iritsi ziren Białowiezara. Tresna erraldoi hauetariko bakoitzak 200 edo 300 zuhaitz garraia ditzake egunero. Erreakzioz, mundu osoko militante ekologistak hara joan ziren eta kanpamentua jarri zuten Pogorzelce herrian.
Michal Gozczak militanteak horrela gogoratzen du: «Errepresio judizial azkar baten mehatxua bagenuen ere, guk makina hauek fisikoki oztopatzea erabaki genuen». 2017ko maiatzetik azarora, 1.500 pertsona oldartu ziren tokian: kamioien aurrean jarri, enbor eroriekin bideak itxi… ONF Oihanen Bulego Nazionaleko zuzendaria bahitu ere egin zuten ordu batzuez. Gobernuaren erantzuna Poloniako beste probintzietatik basozainak bidaltzea izan zen. «Egoera nahiko larritu zen, bereziki gune batzuetan prentsa debekatua zelarik. Gainera absurdoa zen: ebakitze tresna bakar baten funtzionarazteko ehunka agente jarri behar zituzten agintariek». Polonia eta Europaren arteko istiluetan hau gehiegizkoa zen. Białowiezako erresistentziaren irudiak zabaltzen hasi ziren orduan sare sozialetan eta Europako prentsa interesatu egin zen gaiarekin. Gertakaria beste dimentsio batean borrokatzen da harrezkero: maila judizialean. Gunea Natura 2000 izendatua izanik, Europako Zuzenbideari uko egiten zitzaion ebakitzeekin. Europako Batzordean jarritako salaketaren ondorioz, lehenbizikoz historian, Europako Zuzenbide Auzitegiak Polonia mehatxatzen du egun bakoitzeko 100.000 euro ordaintzera. Lehen kondena 2017ko azaroan iritsi zen. Mozketak eten ziren eta tresnek oihanetik alde egin zuten. Ingurumen ministroa ere aldatu zuten, baina orduz geroztik egoera ezbaian dago.

Oihana beti ezbaian. Gaur, Pgorzelce herrian hondar eta errauts hodei bat zabaldu da, kamioiak eta obra tresnak martxan dira, basoa iparretik hegora zeharkatuko duen bidea eraikitzeko. Lurrean eserita, emakume bat eszena grabatzen ari da. Joanna Kapinski da: «Atzerapen bat baizik ez dugu lortu», dio. Ez dago argi zer egitera doazen. Garapen turistikoa? Beste mozketa bat? Azpiegitura berri honen helburu eta ondorioez ez dute ezer kaleratu agintariek.

Ekologia mailan, gero eta gehiago pizten ari dira “no-road” delako ideiak, hau da, errepide eta bide berririk egin beharrean, beste pistak kentzea jarraipen ekologikoa izan dadin izadi aldetik. «Hemen, bide berri bat egiten bada, nahasmendu gehiago sortuko da, oinarrian bateratuak ziren espazioak zatikatuko dira», dio Nuria Selva biologoak.

Poloniar Gobernuak mozketa ofizialki eten badu ere, ertzetatik ekiten jarraitzen du, «segurtasuna bermatzeko dela diote, bideak babesteko, zuhaitzak erortzeko arriskua dagoelako». Ekologisten ustez, Europako Auzitegiak ezin ditu baimendu “gestio aktibo” deritzoten operazio hauek. Horrez gain, «ikusi dugu zuhaitz batzuk ebakiak izan direla nahiz eta txikiegiak izan bidera erortzeko», dio Joanna Kapinskik.

Bertako jendeek badute beraientzat, pribatuki, egurra mozteko eskubidea. Hala ere, bihotzez atxikiak dira baso honi. Herrian miod –eztia– hitzarekin pankartak ikusgai dira toki frankotan: turismoarekin etekina ateratzeko nahiaren seinale, eta baita isolamendutik atera nahia, lanpostu nahia eta modernitate gogoaren isla ere bai segur aski. Aterabide bat? Ekintzan diren ekologistentzat irtenbide gako bat litzateke Parke Nazionala baso osora zabaltzea, horrela mozketak ekidingo lirateke, eta etorkizunean eraikitzeko proiektu hipotetikoak ere baztertuko lirateke. Gai larria da, zeren « Europan zur asko dago, baina ez da ia gehiago oihanik gelditzen», dio Nuria Selvak.