Kazeta

Macron “atera” dute Biarritzeko eta Parisko herriko etxeetatik

Emmanuel Macron Frantziar estatuko presidentearen erretratuak kendu dituzte Bizi! eta ANV-COP 21 taldeetako aktibistek Uztaritzeko eta Biarritzeko herriko etxeetatik. Antzeko ekintzak egin dituzte Lyonen eta Parisen. Protesten bidez, larrialdi klimatikoaren eta sozialaren aitzinean presidentearen erantzun eza salatu nahi izan dute.

Larrialdi klimatikoari eta sozialari aurre egiteko Emmanuel Macron frantziar presidentearen ekintza eza salatzeko protesta ekintzak egin dituzte gaur Bizi! eta Action Non Violente-COP21 taldeetako kideek. Hain zuzen, Biarritz, Uztaritze, Paris eta Lyongo herriko etxeetara sartu dira eta Macronen erretratu ofizialak erretiratu dituzte. "Klima, justizia soziala, non da Macron?" edota "Klima, justizia soziala, Macron atera dezagun" zioten kartelak zeramatzaten aktibistek, Naiz atariak argiataratu duenez. 

"Macron jauna ez deno historiak finkatzen duen hitzorduan, herriko etxeetan huts hori utziko dugu, ongi adierazten baitu lanjer klimatikoa eta larrialdi sozialaren parean egiazki eramaiten duen politika", adierazi du Pauline Boyer ANV-COP21 mugimenduko aktibisten eledunak.

Karbono zergan trantsizio energetikoa bultzatu ordez "bere lagun aberatsei egin oparien ordaintzeko" baliatzea leporatu diote Parisko Gobernuari.

Ildo horretan, argi eta garbi ohartarazi dute aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriak ezinbestean hartu behar direla, "ez baitugu denbora gehiagorik". Adibide gisa aipatu dute bioaniztasunaren desagerpenaren azelerazioa eta larriagotzea.