Hogei urte joan dira Pako Aristik aitzineko eleberria idatzi zuenetik. Iazko azaroan, haatik, “Rosa itzuli da” kaleratu zuen eta Hendaiako Baleak elkartean aurkeztuko du idazle azpeitiarrak. Solasaldia elkarte honek hiru hileroko azken ostegunetan antolatzen duen zikloaren baitan kokatzen da. Aristirekin hitzordua otsailaren 21ean iraganen da, ostegunarekin, arratsaldeko 18:30ean. Ondotik, afaria eginen dute.
“Iraganaz betetako oso gaur egungo nobela bat da”, erran zuen idazleak “Rosa itzuli da” aurkeztu zuen egunean. Izan ere, eleberria 2013an “Parot doktrina” deiturikoa baliogabetu ondotik, ETAren militante kopuru handi bat aske gelditu zeneko testuinguruan kokatzen da. Zer aurkitu zuten kartzelatik atera ziren euskal preso horiek? Ildo horri jarraiki, Pako Aristik thriller politiko bat ondu zuen, hainbeste urteren ondoko itzulerak dakarren zirrara hainbat gairekin lotuz.