IkerGazte 2019: artikuluak bidaltzeko azken egunak

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) “IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz” kongresua eginen du Baionan, heldu den maiatzaren 27tik 29ra. Kongresu honen bizkarrezurra ikertzaileen artikuluak dira eta horiek bidaltzeko epea otsailaren 22an bukatuko dela jakinarazi dute.

Kazeta|2019/02/20 13:56
Guz_iker_bobedme103
"IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz" kongresua aurkeztu zuten Baionan urtarrilaren 17an. ©Bob EDME

IKER zentroarekin lankidetzan, UEUk heldu den maiatzaren 27, 28 eta 29an Baionan IkerGazte kongresuaren hirugarren edizioa eginen dela iragarri du. Gazte ikertzaileen artikuluak dira ekitaldi honen ardatz nagusia, ahozko zein poster bidezko aurkezpenek hartzen dutelarik egitarauaren zatirik handiena. Lanak bidaltzeko epea aste honetan bukatuko da, otsailaren 22an, hain zuzen.

Tesia bukatzear edo bukatu berri duten ikertzaile guziek izanen dute artikulua bidaltzeko aukera. Jorratu beharreko gai nagusiak giza, gizarte eta natur-zientziak eta ingeniaritza, arkitektura eta osasungintzari loturikoak izanen dira. Artikuluek euskaraz idatzita egon behar dute.

Proiektu honen xedea da ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna emendatzea, haien arteko ezagutza sustatzea eta euskarazko zientzia ekoizpena azkartzea. Ainhoa Latatu kongresuko koordinatzaile akademikoak berretsi duenez, “ikerlari gazteak zertan ari diren ikustea da helburuetako bat”. Haritza Camblong batzorde zientifikoko kidearen erranetan, berriz, “UEU bezalako erakundeak eta antolatzen dituzten ekitaldiak funtsezkoak dira Ipar eta Hegoaldearen arteko zubigintzan”.

Kongresurako izen-ematea martxoaren 18tik maiatzaren 17ra bitartekoa izanen da. Informazio guzia eskuratzeko UEUren atarira jo daiteke.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK