Hamasei proiektu hautatu dituzte Baionako buxet parte hartzailean

Otsailaren 2tik 10era zegoen aukera herritar tailerraren baitan, Baionako Herriko Etxeak antolaturiko buxet parte hartzailean bozkatzeko. 1.613 pertsonek eman dute haien iritzia, bakoitzak hiru proiektu hautatu zitzakeelarik. Hamasei egitasmo izan dira hautatuak 199.600 eurotako esleipena duen ekimen honetan.

Kazeta|2019/02/20 06:35|0 iruzkin
9332968939_4c74e26b4b_k
Naturari hirian toki bat eskaintzen diote Baionan hautatuak izan diren egitasmoek. © Douglas Scholes-Nicole Fournier.

Baionako Herriko Etxeak egindako buxet parte hartzailearen deialdian 103 proiektu aurkeztu ziren, Herriko Etxeko hainbat sailek eta proiektu orokorraren arduradunek hauen bideragarritasun tekniko, finantzario eta legala aztertu ondotik, hautetsiz eta herritarrez osaturiko Gidaritza Batzordeak 22 proiekturi eman zien oniritzia, otsailaren 2tik 10era bozkatuak izateko. Bozketan 1.613 baionarrek parte hartu zuten eta 16 izan dira hautaturiko proiektuak.

335 bozkarekin, auzoetan konposta kolektiboak sortzea izan da herritarrek nahiago izan duten proposamena. 14.200 euroko buxetarekin, honen xedea da baratzerik ez duten eraikinetako biztanleei hondarkin biologikoen trataera bermatzea. Konpostak auzotar erreferenteek kudeatuko dituzte eta kontzientzia soziala sortzeko elkarbizitza ekimenak eginen dira.

330 bozka jaso ditu bigarren lekuan geratu den eta Beyris auzoari eragiten dion proiektuak. Ikasle batzuen ekimenez eta 30.000 euroko buxetarekin, proposatzaileek auzo horretako parkea hobetzeko asmoa dute. 500 metro karratuko sasoiko baratzea sortu nahi lukete, jokoetarako eta piknika egiteko eremu bat egokitzearekin batera.

Bizikletaren erabilera sustatzea xede duen proiektuak hirugarren postua eskuratu du. Arkuen eta babeslekuen instalazioa jasotzen duen egitasmo honek 50.000 euroko buxeta du eta 322 herritarrek eman diote beren konfiantza. Bizikletentzat aparkaleku hauek nagusiki instituzio publikoen, eskolen, tokiko saltegien eta kultur guneen inguruetan kokatuko dira. Gisa horretan, erraterako, bizikletak oinezkoen mugimendua trabatzen duten lekuetan ez uztea ahalbidetuko da.

Fruitu-arbolak, atezaindegia eta oilategia

Hiri barneko baratzeak 267 bozka jaso ditu eta orotara 10.000 euro jasoko ditu Baionan barna fruitu-arbolak landatu daitezen. Bestetik, Baiona Handian atezaindegi bat muntatzeko ideiak 204 herritarren aldeko botoa jaso du eta 24.200 euro emango zaizkio, belaunaldien arteko eta jendarteko harremanak, elkartasuna eta herritartasuna lantzeko helburuarekin. 

182 herritarren sustenguarekin seigarren lekuan geratu da Balichon auzorako oilategi pedagogiko baten proiektua. 1.000 euroko buxet apala izanen du eta bere misioa izanen da haurrak nahiz helduak bizitzaren zikloaz heztea.

Piknika egiteko mahaien instalazioa, argiaren kutsaduraren murrizketa, mugikortasun lasaiaren sustapena... Baionako buxet parte hartzailean hautatuak izan diren gisako 16 proiektuak ondoko 12-18 hilabeteetan gauzatuko dituzte parte hartzaileek Herriko Etxeko zerbitzu teknikoen laguntzarekin.

Kontsultaren eta proiektuen informazioa https://lateliercitoyen.bayonne.fr/ helbidean ikus daiteke.