Kazeta

G7 gailurraren “zaleek” ekitaldia egin dute Biarritzen

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azken mementoan huts egin zuen “G7 Fan Club”-ek egin zuen lehen ekitaldira. G7-Ez! Plataformak antolatu antzerki irringarri batek Biarritzeko erdigunea hartu zuen otsailaren 16an, ehunka txaleko horiren aitzinean.

Otsaileko arratsalde eztia da Biarritzen. Clemenceau plazan oholtzaren eta soinu ekipoaren muntaketa lanak hasiak dira. “G7 Fan Club” irakur daiteke taularen gibeleko panelean eta “G7 Forever” berriz, hitza hartuko dutenentzat prestaturiko atrilean. Ekitaldiari ekiteko guzia prest da, baina inguruetan dabilen ia nehork ez daki zer den segidan heldu dena. Bitartean, ehunka txaleko hori kostaldeko hiriko karriketan mobilizatzen ari dira, parodia eginen den lekura iritsi diren arte, ezjakintasunaren erdian.

Star Wars Inperioaren Erasoa musika ozen entzuten da eta txaleko horiek txistu eta oihu artean hartu dituzte ekitaldiaren aurkezleak. “G7? Pazientziarik gabe itxoiten dugu”. Horrela eman diote hastapena ekitaldiari. Fan klubeko ordezkarientzat ohore bat da agorrilaren 24tik 26ra munduko potentzia nagusiak bilduko dituen gailurrerako Biarritzeko hiria hautatu izana.

“Luzatu gabe, ongi etorria eman diezaiogun gure ohorezko gonbidatua den Emmanuel Macroni!”, erran dute hasi bezain laster. Txaleko horien txalo, oihu eta txistu artean Macron ez da taulan ageri eta ordezkari batek argitu behar izan du Frantziako presidenteak ezin izan duela azken mementoan bertaratu. Baina beste gonbidatu bat aurkeztu dute eta Andre Gueta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentearen papera antzeztu duen gizona igo da taulara.

Segurtasun neurriengatik eskerrak

Denbora luzez mintzatu da Gueta eta nabarmendu duenez, G7 gailurra aukera ezin hobea izanen da Euskal Herriarentzat. “Lurraldeak mundu osoan dirdira eginen du eta gailur honekin tokiko enpresek irabazi besterik ez dute eginen”, adierazi du ziurtasunez. Bera eta tokiko aktore politikoak “gure eskualdearen aukerak emendatzeko” lanean ari direla erantsi du. Alain Juppe Bordeleko auzapez eta lehen ministro izandakoa ere omendu nahi izan du, ekitaldian bildutakoek “Juppe presondegira!” oihukatzeari ekin dioten bitartean.

Aurkezleek Michel Venauc Biarritzeko auzapeza ere gogoan hartu dute. Bereziki esker oneko hitzak izan dituzte hark iragarri dituen segurtasun neurriengatik eta agorrilean euskal kostaldean 10.000 polizia izanen direlako. Ildo horretan, manifestazio eta protesta guziei buru egiteko eskatu diote.

Justuki, txaleko horien oihu gehienak poliziarentzat izan dira. Horien “lana” goraipatu du Pierre Etxeverria Macronen aldeko gazteriaren presidenteak. Bere hitzetan, poliziak biztanleak “min gehiegirik eragin gabe zadistez eta hippyez” babestu ditu. Berehala Lola gaztearen izena da nagusitu da bildutakoen artean. 18 urteko gaztea larriki eritu zuen poliziak joan den abenduan, jaurtitako flash-ball batek matrailezurra eta hainbat hortz hautsi zizkiolarik.  

Ekitaldian parte hartu duen azkena, inguruetan zebilen Leonie de Courbevoi izan da. Alliot-Marieren lagun mina eta zendutako Courbevoi jeneralaren emazteak ez ditu txaleko horien protestak ulertzen. “Lanera joan baizik ez duzue”, erran die. Biarriztar guzien nahiaren berri ere eman du, adieraziz gehiengoak ongi etorria eginen diola G7 gailurrari.

Hotel du Palaisek eskainitako jatekoekin bukatu da “G7 Fan Club” taldearen lehen ekitaldia. Txaleko horien haserre eta kezkak une batez irri egiteko memento lasai batek ordezkatu ditu. Antzezleak txalo artean hartu dituzte. Antolatzaileek helburua lortu dute: munduko potentzia handiak eta haien sinbolo den gailurra molde irringarri batez salatzea eta inguruko herritarren arreta piztea. Iragarri dutenaren arabera, aitzinerago gisako hitzorduak izanen dira.