Kazeta

Rene Cassin lizeoa Moribarekin bat

Paueko Dei Auzitegiak otsailaren 14an gazte ginearra adin nagusitzat jo ondotik, Baionako lizeoko ikaskide, irakasle eta hezkuntza administrazioa Moriba Koivogui babesteko borrokan ari dira. Gazteak edozein mementotan kanporatua izateko duen arriskuaren aitzinean, haren ikaskideek sinadura bilketa bat hasi dute interneten.

René Cassin lizeoan Moribaren alde antolatutako elkarretaratzea.
René Cassin lizeoan Moribaren alde antolatutako elkarretaratzea.

“Cassin Moriba da”. Otsailaren 15ean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren egileari erreferentzia egiten zion esaldi horren gibelean mobilizatu ziren Rene Cassin lizeoan. 200 ikasle eta dozena bat irakasle elkartu ziren Baionako lizeoaren aitzinean.



Paueko auzitegiak adin nagusitzat jo ondotik, Moriba Koivogui kanporatua izateko arriskuan da. Lizeoko administrazioak eta pedagogia taldeak ere jatorriz ginearra den ikaslearen aldeko hitzak izan zituzten. Haren lagunek sinadura bilketa bat abiatu dute interneten eta 24 orenetan 1.000 pertsona baino gehiagok izenpetu zuten. Egun jadaneko 2.300 inguru dira.

Elkarretaratzean ikasle nahiz irakasleak mintzatu ziren. Pantxika Cazaux-Muñoz gaztelaniazko irakasleak erran zuenez, “ikasleak fite inplikatu ziren, `zer egin dezakegu´ galdera pausatuz. Ostiral honetan fite erreakzionatzea erabaki zuten eta Moribaren egoera ezaguna ez zen klase guzietatik pasa ziren informazioa ematera”.

Egun berean abiaturiko sinadura bilketarekin, Moribari babesa eskaini eta gazte ginearrak Frantziar Estatura heldu orduko administrazioaren aldetik jasan behar izan dituen gehiegikeriengatik haserrea adierazten dute. Ikaskideek Moribak bere ikasketak bertan segi ditzan nahia agertzearekin batera, edozein gaztek bezala, hezkuntzarako eskubidea duela aldarrikatu dute. Lagunek jada sare sozialetan kontuak sortu dituzte, hala nola, Instagramen @cassin_cets_moriba eta Twitterren #JusticePourMoriba.



Irakasleak harro

Moriba Koivoguiren irakasleek ere ikaslearen jarrera goraipatu zuten. Pedagogia taldeak gutun bat argitaratu zuen, non gaztearen asistentzia eta klasean duen arreta azpimarratzen duen. “Nehoiz ez du amore ematen eta zinez aitzinatzen ari da, eta frantsesa osoki menperatzeko lan egiten du”, dio idazkiak.

Gisa berean, ikaskideekin laguntasuna egin duela baieztatzen dute, beti umore onez dagoela nabarmenduz. Halere, gogora ekarri dute “haurra zelarik esperientzia izugarriak izan zituela, egun modu diskretuan gordetzen baditu ere, baina badakigu gogoan dituela”.

Lizeoko irakasleek “iragan ilunaren orrialdea pasatzeko bere ikasketak Frantzian segitzea merezi duela” aldarrikatu dute eta haien ikasleaz harro daude, “harro, duintasunez hazi dadin laguntzeagatik”.

Jean-Regis Veniant zuzendaria ere mintzatu zen. Bere ustez, Moriba Koivogui ikasle aski motibatua da eta berarentzat mundu berri bat zen horretan fite integratu dela azpimarratu zuen. “Bere gabeziak gainditzeko ahalegin handiak egiten ditu eta bere determinazioarekin eta ikasteko grinarekin, aitzinatzen ari da”. Zuzendaria ziur agertu da: Moriba “arrakastaren bidean da”.



Erabaki injustua

Pantxika Cazaux-Muñoz irakaslearen iritziz, “Moribaren kasuaren prozedura judizialean hutsegite ainitz daude”. Erraterako, gaztearen defentsari erabakigarriak ziren piezak ez zitzaizkion eman.

“Adin nagusikoa zela erabaki zuten eta ez umezurtza, nahiz eta bere ama lau urte zituela hil. Bere aita berriz, 2011n hil zen. Berak gurasoen heriotzen ziurtagiriak eraman zituen, baina dokumentuak otsailaren 13ko Paueko deliberoa baino hiru oren berantago heldu ziren. Auzitegiak ez zuen dokumentuak jasotzen zituen gutun azala ideki ere egin eta adin nagusikoa dela erabaki zuen, guztiz kontrakoa denean”, deitoratu zuen irakasleak.  

Beretzat erabaki hori “injustua” da. Egun horretan gaztearen ondoan zen eta albistea jakin orduko ez zuen ongi sentitu, etsimenduaz jota baitzegoen. “Babes mezu ainitz jaso ditu eta ordutik hobe dagoela erran dit”, jakinarazi du.