Kazeta

Milaka lagun bildu dira Biarritzen Seaskaren 50. urteak ospatzeko

Seaskak kontzertu gau eder batekin ospatu ditu bere 50 urteak otsailaren 16an Biarritzen. Orotara, 4 500 pertsona inguru bildu dira Euskal Herriko hainbat musika talderen kontzertuez gozatzeko.

Seaskak hainbat ekimen antolatu ditu 50. urtemuga ospatzeko. ©Guillaume Fauveau
Seaskak hainbat ekimen antolatu ditu 50. urtemuga ospatzeko. ©Guillaume Fauveau

Biarritzeko Irati aretoan 4.500 festalari elkartu ziren otsailaren 16an Seaskaren 50. urteurrena ospatzeko. Berri Txarrak, Willis Drummond, Xiberoots zein Diabolo Kiwi taldeek eta Txakatuk txarangak alaitu zuten Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren aldeko gaualdia, Garako artikuluak azaldu duenez.

Otsailaren 16koa ez zen izan urteurrenaren ospakizunetako ekitaldi bakarra. Izan ere, maiatzaren 12an, Herri Urratsekin batera, Integrazio Batzordearen 20. urteurrena ospatuko dute. Uztailean, berriz, Realaren partida izango dute, eta urrian jardunaldi pedagogikoa Baionan.

1969ko apirilean hasi zen Seaskaren historia bi emakumeren arteko istorio batetik, “Hik hasi” aldizkariak gogoratzen duenez. Baionan bizi zen Argitxu Noblia emakume abertzaleak bere haurrak euskaraz hazi nahi zituen, ikasketak euskaraz egin zitzaten nahi zuen, eta Libe Goñi errefuxiatuarengana jo zuen.

Hortxe ezarri zen Seaskaren hazia. Oharkabean bi ezaugarri nagusi uztartu zituzten. Alde batetik, protagonistak emakumeak izan ziren. Bestetik, Ipar eta Hego Euskal Herriko mugez gaindi antolatu zen.

50 urte pasa ondoren, ezin da Ipar Euskal Herriko historia Seaskarik gabe ulertu. Euskara bultzatu dute, horretarako oztopo ugari izan badituzte ere.