“Onartezina da Frantziar estatua horrelako armak erabiltzen dituen azkena izatea”

Antoine Boudinet eta Lola Villabriga indarkeria polizialaren biktimak dira. Nahiz eta zauri larriak pairatzen dituzten, arma horien erabilpena debekatzeko engaiamendua eta nahikeria erakusten dute. Horretarako, biktima guztiak elkartzea funtsezkotzat jo dute gazteek.

Kazeta|2019/02/14 06:35|0 iruzkin
Loading player...

Zauriak irekiak dituzte oraingoz Antoine Boudinetek eta Lola Villabrigak. Biak indarkeria poliziaren biktimak dira eta horren kontra borrokatzeko prest daude. Horretarako, biek justiziara jo dute eta beren kasuak argitzeko ikerketak abian dira.

Antoine Boudineti granada bat lehertu zitzaion eta eskua galdu zuen Bordelen abenduaren 8an iragan zen manifestazioan. Akiturik sentitzen da 26 urteko gaztea, baina hala ere, bere asmoa bururaino eramateko indarrak ditu. Egun bere bizia pairatu duenaren inguruan zentratzen dela dio.

Berak dioen bezala, ez erortzeko umorea atxiki eta familia zein lagunak ikusten saiatzen da. Unibertsitatera itzuli nahi du irailean. Zauria orbaintzea itxoiten du eta ondotik, Brugesko birgaitze zentroan artamendua hasiko du. Bere xedea protesi elektriko bat lortzea da.

Lola Villabrigari gomazko pilota batek haustura hirukoitza eragin zion ahoan. "Santza" duela dio, zauriak ikasketak segitu ahal izateko ez baitira oztopa bilakatu. Hilabete hauetan, mediku adituak ikusten ditu berriz jaten eta ahoa idekitzen ikasi behar duelako. Ebakuntza bat egin behar diote, baina bere irudiz heldu den urtean izanen da. Ikerketa nahiko fite doala azaldu du. Hain zuzen, bere kasuaz arduratzen den komandantearekin elkartu zen otsailaren 7an.

Bien erranetan, harrigarria da Frantziar estatua gaur egun horrelako armak erabiltzen dituen azken estatua izatea. Estatuak arma hauen erabilpena justifikatzea deitoratzen dute. Lola Villabrigak aipatu duenez, azken hilabeteko gertakariak direla eta, bere inguruko lagunek manifestazioetara joateko beldurra sentitzen dutela dio. Berari dagokionez, G7 gailurrera ere hurbilduko ote den ez daki. "Alde batetik, gure aldarrikapenak entzunarazteko mementoa izanen da, baina aldi berean oso arriskutsua izanen da ikusiz gerla egiteko nola prestatzen diren", gehitu du.

Indarkeria polizialaren biktimek elkartzeko asmoa dutela iragarri du Antoine Boudinetek eta ildo horretatik zerbait plantan ematea pentsatzen ari dira. Baionako gazteak dioen bezala: "elkarrekin indar gehiago dugu".