Kazeta

Korrika Kulturala Euskal Herriko txokoetara heldu da

Ekimen ainitz antolatuko ditu ondoko asteetan Korrika Kulturalak Euskal Herriko hainbat txokotan. Aiko dantza taldea, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Andoni Egaña eta Xabier Zabala, kale-antzerkia edo Kalaportu ikusgarria izanen dira, besteren artean. Euskararen eta euskal kulturaren alde “klika” egiteko deia egin dute antolatzaileek.

Korrika Kulturala aurkeztu dute Gasteizen. (@aek_eus)
Korrika Kulturala aurkeztu dute Gasteizen. (@aek_eus)

Korrika Kulturala presentatu dute gaur Gasteizko Baratza gelan. Asier Amondo Korrikaren arduradunak nabarmendu duenez “elkarlana da Korrika Kulturalaren oinarria” eta herritarrei dei egin die “Klika” egin dezaten: “Euskarazko kultura sortu eta kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko Klika, euskararen aldeko engaiamenduari Klika”.

Aurtengo ekimenak sei estreinaldi izanen ditu, baina ehunka izanen dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan antolatuko diren ekitaldiak. Aiko dantza-taldeak zabaldu du gaurko aurkezpena, `Garaikideak´ izeneko lanaren lagin batekin, “dantza entzungai eta musika ikusgarri” egiten duen lanarekin. Otsailaren 17an Berriozarreko kultur etxean arituko dira eta martxoaren 24an Agoitzekoan.

Porrotx pailazoa ere egon da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berria aurkezten. `Musua´ ikusgarriaren estreinaldia eginen dute Korrika Kulturalean, “musuek biraka jartzen dutelako mundua”. Otsailaren 20an Kanboko eskubaloi-gelan izanen dira, 27an Irunberriko zineman eta martxoaren 27an Lodosako kultur etxean.

Bestetik, Andoni Egaña bertsulariak eta Xabier Zabala musikariak kanta bat sortzeko prozesua agertuko dute, sormena eta parte hartzea ardatz dituen ikusgarrian. Martxoaren 7an Iruñeko Mendillorri auzoko Civivoxean izanen dira, hilaren 15ean Beasaingo Igartza jauregian, 30ean Tuterako Lourdeseko zentro zibikoan eta 31an Gasteizko Oihaneder euskararen etxean.

Kale-antzerkia ez da faltako Korrikaren ziklo kulturalean: `Jule´ antzerki obra emango dute Hortzmuga Teatrokoek. Martxoaren 9an Oreretan arituko dira, 21ean Lizarrako Foru plazan eta 31an Gareseko Udal plazan. Arte-adierazpide berriak ere izanen dira, Beñat Krolem artistaren ‘Oholtza’ performance-ari esker. Martxoaren 30ean Erromoko kultur etxean izanen da ikusgai.

Estreinaldi handienetako bat Kalaportu ikusgarria izanen da. Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoak kanturako ematen duen aukera taularatuko dute Loraldia Festibalarekin elkarlanean. Euskal Herriko hiriburuetako antzokietan iraganen dira emanaldiak. Martxoaren 15ean Bilboko Arriaga antzokian, 21ean Gasteizko Printzipal antzokian, 23an Baionako antzokian, 24an Donostiako Victoria Eugenian eta 28an Iruñeko Gaiarren izanen da gozatzeko parada.