Kazeta

Moribaren kasua: Bizi!-k Departamenduko Kontseiluaren jarrera salatu du

Mugimendu ekologistak Moriba Koivogui gazte migratzaile ginearraren kasuan Pirinio Atlantikoetako Departamendua izaten ari den jarrera salatu du. Ostegun honetan elkarretaratzea antolatu du Baionan, arratsaldeko 18:30ean.

Bizi mugimenduan Pauen burututako mobilizazioa iruditan. © Isabelle MIQUELESTORENA
Bizi mugimenduan Pauen burututako mobilizazioa iruditan. © Isabelle MIQUELESTORENA

Asteazken honetan, otsailaren 13an, Paueko Dei Auzitegiak Moriba Koivogui gazte migratzailearen kasuan erabaki bat hartu behar du. Bizi! mugimenduak hurrengo egunean manifestazioa antolatu du Baionan. Arratsaldeko 18:30ean izanen da Departamenduaren egoitza nagusiaren aitzinean.

Mugimendu honen arabera, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluaren aldetik Koivoguiren kasua “gehiegikeriatan eta jokamolde desleialetan” oinarritzen ari da. Bere ustez, Kontseilua ahaleginetan ari da Moriba umezurtza eta adingabe bakartua ez dela justizia konbentzitzeko. “Azken kapitulua da azken mementoan abokatu bat izendatu dutela Auzitegiaren aitzinean Moribaren adingabetasuna zalantzan jartzeko”, adierazi du mugimenduak igorritako oharrean.

Harritzekoa da abokatu horrek auzi saioa aitzin defentsaren abokatuei idatzizko ondorioak ez bidali izana. Zehazki, gazte ginearraren adingabeko estatusari buruzko erantzun gisa Departamenduak ez ditu informatu Dei Auzitegira zuzenean igorritako postaz. Bizi!-k Moriba Koivoguiren defentsari hark galdegindako dokumentu guziak bideratzeko exijitu dio Departamenduari, Aire eta Muga Poliziaren posta elektronikoa ez baita txosten judizialean ageri. Auzian ezinbesteko pieza litzateke.

Eskakizun hori egiteko, oro har migratzaileekiko elkartasuna adierazteko eta hauek justiziaz, zuzentasunez eta errespetuz tratatuak izan daitezen aldarrikatzeko deitu du osteguneko mobilizazioa Bizi! mugimenduak. Bitartean, Moriba Koivogui Baionako presondegian dute, haren adinaren ebaluazioa egin ez bada ere.