Kazeta

Merkatalgune baten eraikuntza aztergai Oztibarren

Larzabalen 2010ean hetsi zuten azken supermerkatu ttipia. Lekutan gelditu ziren hurbileko komertzio ttipien garaiak. Orain, auzapezak uste du zerbitzu anitzeko merkatalgune bat sortzeak potentzial handia ukan dezakeela eta bideragarritasun azterketa bat abian jarri du. Emaitzak irailerako espero dira.

Badira bederatzi urte Larzabalen zegoen supermerkatu ttipia hetsi dutela.
Badira bederatzi urte Larzabalen zegoen supermerkatu ttipia hetsi dutela.

Irudikatzen den proiektua herritik hurbil egongo litzateke, justuki EPFL bidez herriak dituen zortzi hektareako eremuan. Jules Larramendy auzapezaren irudiko eraikinean farmazia eta okindegi bana jartzeko modua legoke, eta baita tokiko produktuen saltegi bat ere.

Itsu-itsuan ez aritzeko xedez, Larzabaleko Herriko Etxeak Baionako Merkataritza eta Industria Ganberarekin batera 2017an kontsulta bat abiatu zuen. Galdetegiak biztanleen kontsumo usaiak eta beharrak ezagutzea zuen xede. Oztibarreko zortzi herrietan zabaldu zen eta 780 etxetan banatu. Etxeen %40ak erantzun zuen eta horien artean %92 zerbitzu anitzeko merkatalgune bat eraikitzearen alde agertu zen. Beharren artean, gasolindegia eta kirol gela nabarmendu ziren.

Kontsultaren ondotik, bideragarritasun azterketak dauden beharren eta aukeren argazki bat eskainiko du. Fase honek egun diren enpresatan eta zerbitzuetan kontsulta bat barne biltzen du, bai eta hautagai berriak xerkatzea ere. Bereziki supermerkatu ttipirako eta elikagaiei loturiko aktibitateetarako.

Proiektua gauzatu ez bada ere, jadaneko babes sendoa du. Euskal Elkargoaren Mendi politikak eta Europako Leader Montagne Basque 2014-2020 programak proiektuen zehaztapenean parte hartzen dute. Buxetari dagokionez, Elkargoak %20 ordainduko luke, Akitania Berriko Eskualdeak %60 eta autofinantzamendutik %20 eskuratuko litzateke.