Kazeta

Kataluniako independentisten kontrako auzi historikoa abiatu da

Auzipetuak izaten ari diren Kataluniako hamabi buruzagi independentistak atzo jarri ziren lehenengoz Auzitegi Goreneko epaileen aitzinean. Haien abokatuek defentsarako eskubidea urratzen ari dela salatu zuten, epaiketaren izaera politikoa ere mahai gaineratuz. Mobilizazio andana bat izan zen Katalunian, Euskal Herrian eta oro har munduan zehar.

Bilbon Kataluniako auzipetuen aldeko elkarretaratzea antolatu zuten otsailaren 12an.  (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Bilbon Kataluniako auzipetuen aldeko elkarretaratzea antolatu zuten otsailaren 12an. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Atzo, otsailaren 12an Madrileko Auzitegi Gorenean Kataluniako independentisten kontra hasi zen epaiketaren gakoetako bat auzi horren izaera politikoa lehen mementotik agerian uztea izanen da. Batzuen eta besteen argudioetan borroka horrek izanen du lehentasuna. Akusazioak tesi hori erabat baztertzen duen bitartean, independentistek ahalegin guzia eginen dute presondegira, erbestera eta finean, epaileen aitzinera eraman dituen auziaren jatorri politikoa frogatzeko.

Osagairik ez da falta. Carles Puigdemont Berlinen publikoki agertzea jada adierazgarria da. Espainiar justiziaren arabera beste hamabiekin batera auzipetua egon behar zuen, baina oroitu behar da Alemaniako auzitegi batek ebatzi zuela Madrilen epaituak izaten ari diren gertaerak ez direla delitua. Gisa berean, Europako parlamentari talde zabal batek auziari jarraipena egiteak epaiketaren arrazoi politikoak azalerazten lagunduko du.

Eta noski, karrikako mobilizazioak beste gakoetako bat izanen dira. Atzo, lehen mementotik CDR taldeek Kataluniako errepideak moztu zituzten eta arratsaldean milaka izan ziren Bartzelonan eta gainerateko herri eta hirietan mobilizatu ziren herritarrak. Kataluniako gizarte zibilarentzat erronka nagusietariko bat, haatik, otsailaren 21erako deitua den greba orokorra izanen da. Bertan ikusiko da independentziaren aldeko mugimenduak egoera baldintzatzeko izaten ahal duen indarra.

Espainiako Auzitegi Gorenak auziaren izaera politikoa estaltzeko ez du lan erraza izanen, baina jakina da, argudio guzien aitzinean ere, Madrilen hori ez dela neholako bermea. Euskal Herriak horretan badu eskarmenturik.

Abokatuen azalpenak

Lehen auzi saioan auzipetu guzien abokatuek instrukzioan izandako eskubide urraketak salatu zituzten. Defentsarako eskubidea mugatzen ari zaienaren elementuak bata bestearen gibeletik aurkeztu zituzten. Edozein gisaz, abokatuek landuko dituzten bide ezberdinak erakutsi zituzten, batzuk oinarrizko eskubide politikoen urraketak debatearen erdian jarri zituzten bitartean, besteak prozedura juridikoari loturiko afera teknikoagoetara mugatu baitziren.

Oriol Junqueras eta Raul Romevaren abokatua den Andreu Van den Eynde izan zen hitza hartzen lehena eta argudio politikoak jarri zituenetako bat. “Disidentzia politikoaren aurkako epaiketa” dela erratearekin batera, auzipetuei zuzenbidezko zigorra ez zaiela ezartzen ari deitoratu zuen. Gisa berean, autodeterminazioaz eta erabakitzeko eskubideaz mintzatu zen, erranez “ez dagoela nazioarteko legerik sezesioa debekatzen duenik”. Gaineratu zuenez “independentzia bakearen sinonimoa da, ez gerrarena”. Horiekin batera, manifestatzeko eskubidea edota adierazpen askatasuna ere izan zituen hizpide, auzipetuak bide baketsuak erabiliz kriminalizatuak izaten ari direla salatuz.

Atzo defentsaren aurretikako azalpenak entzuteko saioa izan bazen, gaurkoa akusazioen txanda izanen da. Goizeko harretatik landa alderdi politikoetako eta gizarte zibileko buruzagi independentistei errebolta eta dirua bidegabe erabiltzea leporatzeko haien azalpenak emango dituzte. Ez da baztertzen Oriol Junquerasen adierazpenarekin auzipetuen hitzartzeei bide ematen hastea.

Elkartasuna Euskal Herritik eta mundutik

Euskal Herrian buruzagi katalanei babesa agertu eta auzia salatzeko adierazpenak eta mobilizazioak egun osoan zehar egin ziren. Madrilen berean, lehen orenetik PNVko eta EH Bilduko ordezkariak izan ziren eta arratsaldean Gure Esku Dago herri ekimenak deiturik Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan elkarretaratzeak egin ziren. Esteladak eta ikurriñak nagusitu ziren milaka herritar bildu zituzten mobilizazioetan.

Hala ere, protesta ekimen nagusia heldu den igande eguerdirako Donostian deituriko manifestazioa izanen da. Gros auzoko Katalunia plazatik abiatuko da eta Gure Esku Dagok horiz jantzita joateko deia egin die herritarrei, hori baita Katalunian egun preso diren bederatzi independentisten askatasunaren aldarrikapena irudikatzen duen kolorea.

Atzo goizean Madrileko Auzitegi Gorenaren aitzinean Kataluniako eragileek deituriko elkarretaratzean izan ziren Maddalen Iriarte, Marian Beitialarrangoitia eta Jon Iñarritu (EH Bildu) eta Iñigo Iturrate eta Aitor Esteban (PNV). Maddalen Iriartek pankartari eutsi zion. “Herritarrei hitz ematea ez dute barkatzen. Parlamentua eta Gobernua epaituz herri oso baten duintasuna zapaldu nahi dute. Euskal Herria beti zuen ondoan”, adierazi zuen koalizio subiranistaren eledunak.

Aitor Estebanek, bere aldetik erran zuenez, “estatu-kolpeaz aritzeak ez du ez hankarik ez bururik. Ez zen bortizkeriarik izan”. Ondorioz, epaiketa bukatu ondotik auzipetuak izaten ari diren lagun guziak “aske eta neholako kargurik gabe” gelditzea galdegin zuen.

Bitartean, Eusko Jaurlaritzako bozeramale den Josu Erkorekak PNV eta PSEren artean gogoeta partekaturik ez dela egin adierazi zuen. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak auzia epaitegietatik atera beharko litzatekeela erran zuen sare sozialen bidez.

Bestetik, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak auziagatik bere arrangura azaltzearekin batera, “Kataluniaren geroa hautetsontzietan erabaki behar dela” erran zuen bere Twitter kontuan. Erantsi zuenez, hautetsi politikoak barne hartzen dituzten prozedura judizialek “demokrata guziak kezkatu behar gintuzkete”.

Korsikatik ere elkartasun mezua helarazi nahi izan zuten, bai Gilles Simeoni Korsikako presidenteak eta baita Jean-Guy Talamoni parlamentuko presidenteak ere. Azken honek “korsikar herriaren elkartasuna” bidali zien auzipetuak izaten ari diren buruzagi independentistei.