Kazeta

Arta-laguntzailearen formazioa beheranzko joeran

Azken urteetan arta-laguntzaile izateko lehiaketarako hautagaien kopurua apaltzen ari da. Baionako Greta formazio zentroko arduradunen arabera, lan horrek geroz eta erakargarritasun gutiago du, bereziki belaunaldi berrien artean.

Baionako Institutuan formazio egun bat antolatu dute otsailaren 19rako. ©Isabelle Miquelestorena
Baionako Institutuan formazio egun bat antolatu dute otsailaren 19rako. ©Isabelle Miquelestorena

Duela hiru urte arta-laguntzaile izateko formazioa eskaintzen duen Baionako institutuak 300 eta 400 hautagai artean zituen. Iaz, haatik, 140 baizik ez ziren izan. “Aurten oraino ez dugu lehiaketa hetsi, baina badirudi hautagaien kopuruak apaltzen segituko duela”, adierazi du Nadine Pothier Baionako Arta-Laguntzaileen Formaziorako Institutuko zuzendariak.

Beheranzko bilakaera hau Akitania Eskualde mailakoa ere bada eta duela zenbait urte kontrakoa bazirudien ere, Baionak bide bera hartu du. Zuzendariak aintzat hartzen ez den lan bat dela uste du. “Lan orenekin, asteburuetan lan egin behar izatearekin, adinduen zaintzarekin... zailtasunak badira eta hori dela eta, jendeak ez du lanbide honetan hasi nahi”, azaldu du.

Lanbidez erizaina den Pothierren iritziz, lanbide zoragarria da, baina belaunaldi berriek ez dute gisa horretan sentitzen. “Egun jiten diren pertsonek profil ezberdina dute, jada ez dute asteburuetan edo udan lanik egin nahi”, berretsi du. Alta, behin formazio zentrotik ateratzean, lana aski segurtatua dela adierazi du, bere erranetan ohikoena lan kontratu mugagabea lortzea baita. Gisa berean, hautagaien artean neskek mutilek baino gehiago izaten jarraitzen dute. 60 pertsonen arteko promozio batean, zortzi baizik ez dira mutilak. “Hori izugarria da. Berrogei ikasleen artean soilik mutil bat ukan dugu”, erran du.

Egoera iraultzeko beharra

Zuzendariaren hitzetan, arta-laguntzailearen lanbideak klixeak izaten segitzen du. “Errango dudana gordina da, baina entzuten duguna da arta-laguntzailea ipurdi mazela garbitzeko dagoela. Alta, pazientea entzuteko eta erizainarekin batera lan egiteko dago. Funtzio garrantzitsua betetzen du”.

Edozein gisaz, formazio honen geroaz baikor da Nadine Pothier. Egungo joera iraultzea eta zentroak hori gerta dadin lan egingo duela espero du. Zentzu horretan, Baionako Institutuan formazio egun bat antolatu dute. Heldu den otsailaren 19an iraganen da, goizeko 10:00etan hasita.