Euskaraldia 2020an itzuliko da

Euskaraldia desafioaren bigarren edizioa 2020. urteko udazkenean eginen dela iragarri dute sustatzaileek. Era guztietako entitateei beren funtzionamenduan euskararen erabilpena indartzeko urratsak ematea bultzatuko du.

Kazeta|2019/02/11 13:56|0 iruzkin
Euskaraldia
Euskaraldiaren baitan Donostian antolatutako ekimena. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egin zen ekimenaren lehen edizioaren bukaeran «jarraipena izango duen ariketa» izango zela azpimarratu zuten Euskaraldiaren sustatzaile diren erakunde eta eragileen ordezkariek, eta horrela, jadanik bigarren edizioa prestatzeko lehen urratsak ematen ari dira koordinazio lanetan ari diren erakundeak, Naiz atariak azaldu duenez.

Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, xehetasunak lantzen ari baldin badira ere, bigarren Euskaraldiak bi ardatz izango dituela aurreratu dute: batetik, lehen edizioan protagonista izan diren Ahobizi eta Belarriprest rolen bitartez Euskal Herri osoko herritarrei beren harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo zaie; bestetik, bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateei beren funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko du.

Modu honetan, erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak izango dira bigarren ardatz berrian konpromiso zehatzak hartu eta gauzatuko dituzten entitateak.

Hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzea epe luzeko lana dela jakitun, berriro ere Ahobizi edo Belarriprest modura jokatzeko gonbit bateratua egingo zaie herritarrei. Jakina denez, Euskaraldiaren lehen edizioa ariketa masiboa izan da eta bigarrenean herritarrei euskararentzako harreman eta eremu berriak irabazten jarraitzeko deia egingo zaie.

Horretarako, Ahobizi eta Belarriprest rolek izango dute berriro protagonismoa eta ikurren bidez identifikatzea izango da ariketaren elementu garrantzitsuetako bat. Erabilitako ikurrek segida izango dute (txapak izan ziren ariketaren ikur nagusia).

Entitateek, berriz, funtzio aktiboagoa izango dute Euskaraldiaren bigarren edizioan. Aurrekoan 200dik gora entitate izan ziren ekimenaren sustatzaile (milaka, herrietako elkarte, erakunde eta eragileak kontuan hartuta). 2020an, aldiz, urrats bat aurrera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie parte hartzen dutenei. Urrats hauek eskatuko duten aurretiko lana aintzat hartuta, 2019an bertan hasiko dira entitateak neurriak hartzen eta herrietako batzordeak lanean.

Bestalde, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egindako lehen ariketaren emaitzak jasotzen ari dira asteotan, herriz herri eta hainbat entitatetan antolatuta egon diren batzordeen balorazioak jasoz. Horrekin batera, Euskaraldiko parte hartzaileen datuen azterketa egin du Gaindegia behategiak Euskaraldiaren antolatzaileen enkarguz.

Izena eman duten 220.000tik gora Belarriprest eta Ahobizien azterketa egin da, herri, eskualde eta lurraldekako datuak hainbat aldagairekin erkatuz. Emaitzak ekimenaren webgunean aurki daitezke.

Azkenik, Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerketa ere martxan da (martxoan jasoko dute partaideek azken galdetegia), eta udan ezagutu ahal izango dira Euskaraldiaren lehen edizioak izan duen eraginaren emaitzak.