Euskal Autonomia Erkidegoan gurasotasun baimena luzatuko dute

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Enplegu Publikorako lege berriak gurasotasun baimenak hamasei astera luzatzea aurreikusten du. Baimen horiek hiru lurraldeetako funtzionario publikoei %100ean ordainduko litzaizkieke.

Kazeta|2019/02/08 14:00|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-02-06_a_11
Lege berriaren helburu nagusietarikoa egun haurren zaintza lanetan diren desorekak zuzentzea da.

Joan den urtarrilaren 29an Eusko Jaurlaritzak bere gobernu kontseiluan Enplegu Publikorako lege proiektua onartu eta biharamunean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen. Neurrien artean, buraso diren funtzionarioentzat 16 asteko baimena eskainiko du. Egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako funtzionario publikoen baimen horiek espainiar legeen araberakoak dira eta amentzat 18 astekoak dira, aita direnentzat 4 astekoak diren bitartean.

Eusko Legebiltzarrak lege hori onartua izan dadin prozedura parlamentarioa abiatu zuen eta aurreikusten denez, instituzio horretan ordezkatuak diren alderdi politiko guzien babesa jasoko du.

Lege honek Eusko Jaurlaritzako, foru diputazioetako eta herriko etxeetako 11.000 funtzionarioren egoera eta lan baldintzak aldatuko ditu. Espainiar gobernuko funtzionarioen kopurua ezdeusa da eta gehientsuenak poliziak dira.

Zalantzarik gabe, neurri garrantzitsuena gurasotasun baimenaren luzapena izanen da. 16 asteko epeaz gain, %100ean ordainduko da eta ezingo da burasoen artean transferitu. Helburu nagusietarikoa egun haurren zaintza lanetan diren desorekak zuzentzea da.

Iragarritako neurriek 1989ko Zerbitzu Zibilaren Legea ordezkatuko dute, zeinak ez duen gurasotasun baimenik jasotzen. Lege proiektu berria familia kontziliazioaren eta emazte eta gizonen arteko berdintasunaren alorretan aitzinaturikoen artekoa da. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak erran zuenez, Espainiako gobernuak eta beste autonomia erkidegoek ez dute emazte eta gizonen arteko berdintasunerako halako sistemarik. Soilik herrialde eskandinaviarrak omen dira antzeko sistemak dituztenak. 

Ikuspegi inklusiboa

Berritasun gisa, lege berriak LGTB + kolektiboarengan eta familia eredu ezberdinengan ere eragina izanen du. Sexu edo buraso motaren araberako ezberdintasunik ez du eginen eta horiek guziek gurasotasun baimena eta ordainsaria berdin jasoko dute. Idazkia osatzeko garaian ere hizkera inklusiboa erabili dute, “gurasotasuna” lehenetsiz eta “aitatasun” edo “amatasun” hitzak baztertuz, azken hauek diskriminatzaileak direlakoan. Gainera, baimen hauek kasu edo egoera ezberdinetarako baliagarriak izanen dira, hala nola: haurren sortze, adopzio, haurdunaldi subrogatu edo adopziorako guardia direnetarako.

Baimenek 16 asteko luzapena izanen dute eta lehen lau asteetan, burasoek aldi berean hartu ahalko dituzte. Ondotik, baimen horiek tartekatu beharko dituzte, burasoek haurrarekin 28 eta 32 aste pasa ahal izatea helburu hartuta. Gisa berean, legeak 12 hilabete baino gutiago dituzten haurren burasoei 150 oreneko baimen gehigarriak ematea aurreikusten du eta orenka edo egunka hartu ahal izanen dira. Oren horiek burasoen arteko edozeinek har ditzake, baina ez denbora berean.

Sektore pribatuan eraginik ez

Europako hegoaldeko herrialdeetan ezohikoak diren neurri hauek oro har harrera ona ukan dute, egungo diskriminazio egoerak gainditzeko urrats bat gehiago ekar bailezakete. Horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan haurren sortze tasak minimo historikoetan dira. Guziarekin, legeak jendartean aldaketak eragiteko tresna izan nahiko luke.

Edozein gisaz, hainbatek neurri hauek soilik sektore publikoan eragina ukaitea eta sektore pribatua kontuan ez hartzea deitoratu dute. Ildo horretan, bi abiadurako jendartea eraikitzeko arriskuaz ohartarazi dute, funtzionario publikoko langileen eta geroz eta prekarietate handiagoa dagoen sektore pribatuko langileen arteko aldea emendatu dezakeelako.