Baionako unibertsitateko Euskal Ikasketak, etorkizunari begira

Baionako unibertsitateko Euskal Ikasketek geroz eta ikasle gehiago gehiago errezibitzen dituzte. Fakultatea Baiona Ttipiak kokatua denez geroztik, eremua “biziagoa eta euskaldunagoa” dela diote auzokideek.

Haritz LARRAÑAGA|2019/02/08 06:35|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-02-04_a_17.16.00
Baionako unibertsitatean bost lizentzia ikasketa egin daitezke: Zuzenbidea, Frantses Filologia, Kontabilitatea, Ekonomia eta Euskal Ikasketak. ©Bob EDME

Duela 30 urte hasi ziren Euskal Ikasketak eskaintzen Baionako unibertsitatean. Hasieran, Baionako erdialdetik urrun zegoen campusa, baina duela urte gutxi, Paul Bert plazara lekualdatu zen, eta horri esker, Baiona Ttipiko merkatari eta biztanleek euskararen suspertze bat nabaritu dute. «Euskaraz aritzen den orok laguntzen du giroa euskaldunagoa izan dadin, eta guk ere gure ekarpena egiten diogu auzoko giroari, zeren gure artean beti euskaraz egiten dugu», hausnartu du Andrea Ibarrak, Euskal Ikasketen lehen urtea egiten ari den Azotzeko (Iruñerria) ikasleak, Garako artikuluak azaldu duenez.

Euskal Ikasketak egiten dituzten ikasleen inguruan bakarrik ez, ikasgaietan ere euskararen presentziak gora egin du irakasleek egin duten esfortzuari esker. Celine Mounole, Dialektologia eta Euskararen Historiaren irakaslea, pozik da orain arte lortutakoarekin, baina oraindik egiteko asko dagoela dio. Larresoroko irakaslearen esanetan, «lehen, Euskal Herriaren eta euskal kulturaren inguruko ikasgaiak frantsesez egiten ziren, baina lortu dugu lizentziari dagozkion ia ikasgai guztiak euskaraz izatea, soilik lizentziari dagokion ikasgai bat ematen da frantsesez, euskal ondareari buruz Euskal Museoan iragaten dena, baina ikasgai hori ezin dugu euskaraz eman, Baionako Euskal Museokoak euskaldunak ez direlako».

Bordele eta Paueren menpe

Baionako unibertsitatean bost lizentzia ikasketa egin daitezke: Zuzenbidea, Frantses Filologia, Kontabilitatea, Ekonomia eta Euskal Ikasketak, eta guztiak, Paue eta Bordeleko unibertsitateen mende daude (UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Bordeleko Montaigne). Euskal Ikasketak bi unibertsitate horien artean eratu zituzten. Lizentzia Paueko unibertsitatearen ardura da eta masterrak Bordeletik kudeatzen dituzte.

Aurtengo kurtsorako 34 ikaslek eman zuten izena, bigarren mailan 15 ikasle daude eta hirugarren mailan berriz, 8 ikasle. Urtez urte ikasle kopurua jaistea ohikoa da, baina beste lizentziekin alderatuta, Euskal Ikasketetan izaten den baja kopurua oso apala da.

Unibertsitateen antolaketa moduak zuzenean eragiten du irakasleen egoeran, eta ondorioz, baita eskaintzan ere. Egun bi irakasle titular arduratzen dira Euskal Ikasketez. Hots, ikasgai guztiak modu egokian ematen direla ziurtatzeko, eta kalitatea bermatzeko, EHUko, IKER ikerketa zentroko eta Bordeleko irakasleen laguntza jasotzen dute. Horregatik, irakasle titular gehiago eskatzen dizkiote Bordeleko unibertsitateari.

Mounolek baliabide eskasiak sortzen duen ezegonkortasuna salatu du: «Irakasle titular batek, ikasgaiak eskaintzeaz gain, bestelako lan administratiboak ere egin behar ditu, lan zama handia da biren artean egiteko; baina bada irakasle titular gehiago eskatzeko beste arrazoi bat, beste materietako irakasleen beharra izateak ezegonkortasuna sortzen du, zeren urte batean irakasle batek baietz esan dezake, baina hurrengo urtean agian ez da hor izango; beraz, talde egonkor batekin errazagoa da kalitatezko eskaintza bat egitea».

Euskal Ikasketak, funtsean literatura ikasketak dira. «Langues, littératures et civilisations ètrangéres et régionales» (hizkuntzak, literatura eta zibilizazio atzerritarrak eta erregionalak) da lizentziaren izen osoa, eta lizentzia horren baitan, erregioen atalean kokatzen da Euskal Ikasketen lizentzia.

Arrazoi horregatik, hautazko ikasgai guztiak frantsesez dira, eta beraz, lizentzia osatzen duten hamaika ikasgaietatik bost, frantsesez dira. Derrigorrezko ikasgaien artean ere bada ikasgai bat frantsesez, “Frantses literatura”. Mounolek zergatia azaltzen du: «Ikasleek sarri ez dute ulertzen, baina ikasgai hori atxiki behar dugu, zeren irakasle izateko konkurtsoak elebidunak dira, hau da, oposizioak egiteko orduan atal bat frantsesez da, frantses Gobernuak horrela ezarri zuelako, eta usu arazo hori dugu, ikasle batzuek ez dutela frantseseko atala gainditzen. Guk ere nahi genuke dena euskaraz izatea, baina gaur egun oraindik horrela da eta guk ikasleak prestatu behar ditugu hemendik ateratzen direnean topatuko dituzten errealitateei aurre egiteko».

Baionan Euskal Ikasketak egiteko euskara eta frantsesa menderatu behar dira. Euskarazko B2 maila eskatzen dute, baina «hor badugu arazo bat, zeren ikasle batzuk maila eskasarekin heltzen zaizkigu, euskara ikasiko dutelakoan, baina hau ez da euskaltegi bat, euskararen inguruko gaiak jorratzen ditugu», eman du aditzera irakasleak.

Ordea, badira frantsesa ongi menderatu gabe izen ematen duten ikasleak ere, izan ere, Estatu frantseseko Hezkuntza sistemak, noten media egiteko, ez du ikasgai bakoitzean 5 puntu baino gehiago eskatzen, baizik eta emaitza guztien baturarekin 5 puntu gainditu behar dira. Horrez gain, frantsesa ikasteko ikastaro eta bitartekoak eskaintzen ditu unibertsitateak.

Euskarak ematen dituen aukerak

Bi dira Euskal Ikasketak egiten dituzten ikasleen profilak. Betetik, etorkizunean lan bat izateko, edo euskara eta euskal kulturak erakarrita ikasketei gogoz ekiten dieten ikasleak daude, eta bestetik, lehen aukera zapuztu ostean, bigarren hautu bat egin behar izan dutenak. Ostera, gehienek onartzen dute «sorpresa positiboa» izan dela, eta horretarako arrazoietako bat «ikasleen artean sortzen den giro ona da».

Soline Aguirrek hasieran arte ikasketak egin nahi zituen, baina iaz Estatu frantsesean aplikatu zuten erreformaren ondorioz ezin izan zuen aukera hori hautatu eta bigarren aukera moduan eman zuen izena Baionako unibertsitatean. «Ez nekien zer topatuko nuen, baina orain biziki gustura nago», aitortu du 18 urteko azkaindarrak.

Nafarroan suhiltzaile izatea da Amets Goikoetxea, 20 urteko baionarraren ametsa, baina Nafarroako oposizioetara aurkezteko lizentzia izateak 3 puntu ematen dituenez eta etxetik urrun joateko dirurik ez zuenez Euskal Ikasketei ekin zien. «Nahiz eta orain oso gustura nagoen, B plan moduan egin nuen hautua», argitu du Goikoetxeak.

Jon Peli Etxeberria 21 urteko hendaiarrak bi urte egin zituen Bordelen ikasten, baina ez zegoen gustura, eta euskal giroan murgiltzeko gogoa zuenez, «Baionan aukera paregabea» topatu zuela dio.

Andrea Ibarrak ere argi zuen Euskal Ikasketak egin nahi zituela, zeren «nire lagunek ez zuten euskararekiko interesik, eta nik, nire interes berdinak zituen jendea ezagutu nahi nuen». Ordea, 18 urteko nafarra kexu da, ikastolan Gasteizko Filologia ikasketen berri bai, baina Baionako aukera aipatzen ez dutelako, eta honako gogoeta hau gaineratu du: «Frantsesa ikasteko aukera ere ematen du. Euskal Herriko txoko honetara etortzen zara eta atzerritarra zara, ez baitituzu menderatzen hemengo bi hizkuntzak».

 

«Atzerritarrak gure herrian»

Honela sentitzen dira GARAk elkarrizketatu dituen lau ikasleak. «Kanpotik datozen ikasleentzat euskaldunak arraroak dira, irudi du isolatuak garela», nabarmentzen du Aguirrek. Ordea, Etxeberriaren iritziz, «gehienek errespetatzen gaituzte, eta gurekin ikasgaiak partekatzen dituzten beste ikasleek esfortzua egiten dute gugana hurbiltzeko eta gu ere haiengana hurbiltzen saiatzen gara».

Atzerritar izatearen sentimenduak badu bestelako adierarik. Esaterako, Erasmus programari esker, EHUko ikasleak Baionara joan daitezke, eta Baionako ikasleak Gasteizera. Mounolek «biziki ongi» baloratzen du esperientzia trukea. «Iaz, Euskal Herriko sei herrialdetako ikasleak bildu ziren hemen, soilik Arabakoa falta zen, ez dakit Gasteizen inoiz hainbeste probintziatako jendea biltzea lortu duten», galdetu du irakasleak. Eta beste hausnarketa bat egin du; «ikasle askok ez dute euskaraz hitz egiten beraien artean, baina hegoaldeko bat tartean sartzen denean, euskaraz hitz egitera bultzatuak dira».

Edonola ere, irakasleen helburua denentzat berbera dela azaldu du Mounolek: «Iparraldeko egoera linguistikoa kontuan hartuta, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegi ahalik eta zehatzena ematen saiatzen gara. Finean, kendu digutena eman nahi diegu. Herrialde normalizatu batean, bertako historia eta erreferentzia kulturalak ezagunak dira, baina guri aukera hori ukatu egin zaigu, beraz helburua da ikasleei hori ematea».

Euskara bere lekua berreskuratzen ari den neurrian, Euskal Ikasketek gero eta etorkizun handiago dutela baieztatzen dute elkarrizketatuek. Haien aburuz, «Euskal Ikasketak izanez gero, Ipar Euskal Herrian lanpostu bat topatzeko aukera anitz dago».