Euskararen aldeko “abentura” ospatuko du Seaskak

Berrogeita hamar urteko ibilbidea ospatuko du aurten Seaskak hainbat ekitaldiren bidez. Otsailaren 10ean Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak elkartuko dira Senperen. Otsailaren 15ean ETBko Go!azen telesail musikala izanen da protagonista eta bi egun beranduago kontzertuak proposatuko ditu Biarritzen.

Kazeta|2019/02/06 06:30|0 iruzkin
P2054445
Seaskaren 50. urtemuga ospatzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte otsailaren 5ean. ©Haritz Larrañaga

Aurtengo Bectso saioa otsailaren 10ean antolatuko du Seaskak, Senpereko Larreko gelan 16:00etatik aurrera. Bertan, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zprtzi finalistak arituko dira: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Joana Itzaina izanen dute gai jartzaile. Seaskak zortziei «eskerrak» eman nahi izan dizkie Ipar Euskal Herriko ikastolen alde haien alea jartzeagatik, Naiz atariak azaldu duenez.

Hilaren 14an, era berean, ETBko Go!azen telesail musikala izanen da protagonista. Hendaiako Sokoburu Antoine d’Abbadie d’Arrast gelan, 18:30ean denboraldiko azken atala ikusgai izanen da eta aktoreak bertan izanen dira. Sarrerak, aldez aurretik, Herri Urratsen webgunean lortu beharko dira.

Otsailaren 16an, berriz, rockak hartuko du protagonismoa. Biarritzeko Iraty aretoan Berri Txarrak eta Willis Drummond izanen dira, baita Seaskako ikasleekin osatuak diren Txakatuk eta Diabolo Kiwi taldeak eta Basabürüko ikastolako haurrekin kantu bat sortu duten Xiberoots xiberutarrak. Sarrera guztiak agortu egin dira dagoeneko.

Ohar batean azaldu dutenez, 1969an, «Claire Noblia ‘Argitxu’ 27 urteko Angeluarra eta Libe Goñi 22 urteko Lazkaoarraren arteko elkar ezagutzatik abiatu zen Seaskaren abentura». Lehen biltzar sortzailearen ostean, 1969/1970 ikasturtean, Baionan lehenik, gero Biarritzen eta azkenik Arrangoitzen kokatuko zituzten lehen ikastolak. Ordutik, ikastolak eta ikasle kopurua etengabe handituz joan dira, 36 ikastola (31 lehen maila, 4 kolegio, lizeo orokor/tekniko/profesionala), 430 profesional (irakasle, laguntzaile, administralari, hezkuntza talde, inklusioko langile,…) eta 4 000 ikasle izateraino.

«Ez dira gutxi izan bide horretan Seaskak ezagutu dituen oztopokoak. Baina bata bestearen gibeletik, gainditu izan ditu Seaskak bidean ezarri zaizkion trabak. Baina aitzina egin dugu eta eginen dugu, helburu bakar batekin, euskararen alde, Ipar Euskal Herriak bere hizkuntza berreskura dezan», berretsi dute.