Bost eta zazpi urteko kondenak David Plari eta Iratxe Sorzabali

Parisko Delituen auzitegiak bost urteko presondegi zigorra agindu dio David Plari eta zazpi urtekoa Iratxe Sorzabali. Bi militanteak Baigorrin atxilotu zituzten 2015ean.

Kazeta|2019/02/06 06:30|0 iruzkin
Sorzabal_pla
Iratxe Sorzabal eta David Pla Baigorrin atxilotu zituzten 2015ean.

David Pla eta Iratxe Sorzabal bost eta zazpi urteko kondenetara zigortu ditu Parisko Delituen auzitegiak, hurrenez hurren. Biak Baigorrin atxilotu zituzten 2015ean, gatazkaren konponbiderako ETAren ordezkaritzaren partaide izan zirelarik. Prokuradoreak sei eta bederatzi urteko presondegi zigorrak eskatu ditu ETAko kide ohien kontra.

Iratxe Sorzabalen kasuan, presondegi zigorraz gain, Frantziar estatuan egoteko debekua ezarri dio justiziak. Ez haatik, David Plari. Azken hau bere kondena bukatzear dago eta ez du inolako oztoporik izanen Frantziar estatuan bizitzeko. Helegiterik aurkeztuko ez balitz, askatasuna berreskuratu lezake. Halaber, FIJAIT fitxategian sartuko dituzte biak.

Xantiana Cachenaut bi auzipetuen abokatua oso baikor agertu da epaia dela eta. Bere aburuz, epaileek kontuan hartu dute testuinguru politikoa baita bi militanteek bete zuten eginkizuna.

Auziaren bigarren saioaren hastapenean, hitza hartu du prokuradoreak. Honek nabarmendu du Pla eta Sorzabal ez direla bakearen aldeko ekintzaileak, "terroristak" baizik. Cachenaut abokatuak gogor erantzun dio bere hitz hartzeari. Bere iritziz, prokuradorearen eskakizunek iraganari baizik ez diote begiratzen eta hori "ez da zuzena ez intelektualki eta historikoki ere ez". Epaileei gaur egun Euskal Herrian bizi den testuingurua kontuan hartzea eskatu die.

Auziaren bukaeran, bi militanteek hitza hartu dute geroari begira mezu bat plazaratzeko. David Plak prokuradoreari erantzun dionez, "bai, kontuan hartu behar da prozesu honetan sufrimendua pairatu duen pertsona oro", baina bere iritziz, "sufrimendua ezin da gatazka egoera berriak elikatzeko arma bat izan".

Sorzabalek bat egin du Plaren hitzekin, eta gehitu duenez, "iragana ezin da aldatu baina etorkizuna erabaki dezakegu". Bukatzeko, eritasun larri baten ondorioz berriki zendu den Oier Gomez preso ohia izan du gogoan, ohartaraziz eri diren preso ainitzek presondegian segitzen dutela.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK