Kazeta

Sorzabalek eta Plak bake prozesuaren xehetasunak eman dituzte Parisen

Iratxe Sorzabalen eta David Plaren kontrako epaiketa atzo hasi zen Parisen. 2010etik hasita 2015ean Baigorrin atxilotu zituzten arte, gatazkaren konponbiderako ETAren ordezkaritzaren partaide izan ziren. Lehen auzi saioak gatazkari konponbidea emateko erakundeak egin ahaleginak azaltzeko balio izan zuen. Gaur 13:30ean berrabiaraziko da auzia.

Berrogei eta hamar bat pertsona bildu ziren Iratxe Sorzabal eta David Plaren auzian, Parisen. © MEDIABASK
Berrogei eta hamar bat pertsona bildu ziren Iratxe Sorzabal eta David Plaren auzian, Parisen. © MEDIABASK

Desegindako erakundearen bi kideak 2015ean atzeman zituzten Baigorrin. Haiekin batera Pantxo Flores eta Ramuntxo Sagarzazu ere atxilotu zituzten, baina epaileek hauek errugabetu zituzten, ETArekin konponbideaz mintzatzea delitua ez delakoan. Lehen auzi saioan David Plak salatu zuenez, paradoxikoa zen Sagarzazu haiekin bildu izanaz akusatzea, “eragile ainitzekin gisako hitzorduak izan ditugunean”.

Epailearen galderek Plari Aieteko Konferentziatik aitzinako urratsak aletzeko aukera eman zioten: Lehenagoko prestaketak, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearekin harturiko engaiamenduak, lehen mementoan Espainiar Gobernuak prozesua ontzat ematea, Frantziako Gobernuak prozesuaz hastapenetik izandako ezagutza eta ETAk eragile ezberdinekin ukandako solaskidetza zabala. “Guk bake prozesu bat eraikitzeko itxaropenez lan egin izan dugu”, zehaztu zuen iruindarrak.

Segidan Parisekin eta Madrilekin izan zituzten harreman zuzenen berri eman zuen, eta baita ondoko blokeo egoerarena ere. 2011n Rodriguez Zapateroren gobernuarekin aurreakordio bat izan zela eta estatuek mahaian jartzeari uko egin ziotela berretsi zuen. Bai Plak bai Sorzabalek argitu zutenez, estatuen hertsikeriaren aitzinean “gutienez gure esku zegoen horretan aitzinatzea” izan zen ETAk harturiko erabakia. Hori dela eta “armagabetzea nazioarteko komunitatearekin eta gizarte zibilarekin abiatzea erabaki zen”, erran zuen Plak.

Auzitegiko presidentea Gara egunkariak Plari atxilotu ondotik egin elkarrizketa hartu zuen hizpide. Besteak beste, behin presondegian zegoela, ordezkaritzan segitzearen arrazoiez galdetu zion: “zergatik?”. “Garrantzitsua zelako ETAk nazioarteko eragileen aitzinean harturiko engaiamenduak mantentzen zituela transmititzea”, erantzun zuen Plak.

Alde guziei erantzunez

Bai epaileak bai prokuradorea galderak gai zehatz edo teknikoetara bideratzen entseatu ziren: ETAren ordezkaritza zenbat lagunek osatzen ote zuten, agiri faltsuak nondik lortu ote zituzten, armak eta hauen erabilera... Alta, Sorzabalek eta Plak ez zituzten gisa horretako galderak erantzun eta testuinguru politikoaren azalpena egin zuten.

Ildo horretan auzi-gelako presidenteak atxilotu zutenean gainean zuen armaz galdetu zion Plari. “Garrantzitsua ez da arma hori norena zen, arma horiek iraganean izandako zentzua ez ukaitea baizik”, erantzun zuen ETAren ordezkaritzako kide izandakoak. “Su etenaren prestaketan, erakundeak inor ez hiltzeko eta ekintza armaturik ez egiteko engaiamendua hartu zuen. Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearekin ukandako eztabaidagai bat armak soinean eramatearena izan zen. ETAk armak ez erabiltzeko engaiamendua hartu zuen, salbuespen bakar batekin: militanteak erasoa jasatea edo bere bizia arriskuan ukaitea”, argitu zuen.

Ezohikoa izan arren, egun Paris inguruetako kartzeletan preso dauden bi auzipetuek alde guzien galderak erantzun zituzten. Prokuradorea Iratxe Sorzabali zuzendu zitzaion, “ETAk egindako erailketa eta atentatuen aitzinean” bere iritzia galdetuz. Sorzabalek sendo erantzun zuen: “ETAko militante gisa ekintza guziak nire egiten ditut. Indarra sekula ez erabili behar izatea nahiko genukeen eta eragindako mina sentitzen dugu”. Prokuradoreak “guzia?” hitz bakarreko galderarekin moztu zuen. Erantzunak zalantzarako tarterik ez du uzten: “Bai, eragindako min guzia nire egiten dut eta biktima guziengatik egiten dut, ETAk publikoki egin zuen gisa berean”.

Tortura salaketak eta lekukoak

Iratxe Sorzabali galderak egiterako orduan, auzitegiko presidenteak espainiar auzitegien txostenak erabili zituen. Berehala, Irungo presoak guardia zibilaren aitzineko adierazpenak torturapean egin zituela ekarri zuen gogora. Auzia instrukzioan zela, epaileak Istanbulgo Protokoloa deritzona egitea onartu zuen, tortura salaketa egiaztatzeko helburuz. Kolpeak, sexu erasoak, poltsa buruan, elektrodoak... Txosten horrek Iratxe Sorzabalek egin adierazpen lazgarriak berresten ditu, baina kasu honetan prokuradoreak ez zuen interes berezirik agertu.

Justuki torturaren gaia hizpide hartu zuen Jean Pierre Massias irakasleak eta defentsaren lehen lekukoak, haren existentzia eta errekonozimendua beharrezkoak direla azpimarratuz. Nagusiki gatazkaren testuinguruaz aritu zen eta baita, azken hamarkadari arreta jarriz, konponbide saiakerez. “Azken hamar urteetan, ETAren ekinbide nagusia gatazka gainditzera begirako izan da”.

Beste lekukoa Anne-Marie Borde erretretan den ibilbide luzeko kazetaria izan zen. Gatazkak Euskal Herrian eragin duena eta konponbidean zergatik engaiatu zen azaldu zuen eta honakoa nabarmendu zuen: “prozesua heldu den tokira heldu bada, gizarte zibilari esker izan da”.

EH Bai eta EH Bildu ordezkatuak

Xabi Larralde (EH Bai) eta Julen Arzuaga (EH Bildu) Parisko epaiketan izan ziren eta euskaraz, frantsesez nahiz gazteleraz idatzitako adierazpen labur bat irakurri zuten. Azpimarratu zutenez, Plak eta Sorzabalek ETA erakundea armatu izatetik armagabetu eta desegiterainoko prozesua gidatu zuten. Erantsi zutenez, euskal jendarteak eta nazioarteko komunitateak “egiaztaturiko prozesu ordenatu eta behin betikoa” galdegiten zuten eta orain auzipetuak izaten ari diren militanteak “hala egin zutela” erran zuten bi ordezkari abertzaleek. Alta, bi estatuen jarrera errepresiboa salatu eta “errebantxa eta mendekuz” aritzea leporatu zieten. 

Bildutakoen artean han ziren ere Anaiz Funosas Bake Bideako presidentea edota 2015eko Ortzaizeko operazioa zela eta, abenduan auzipetua izan zen Graxi Etxebehere ere. Haiekin batera, Iruñetik eta Irundik hurbildutako 50 lagun eta senide inguru auzipetuei elkartasuna ematera hurbildu ziren.

Gaur 13:30ean emanen zaio hastapena bigarren auzi saioari.