Baionako antzinako auzitegiaren eraikina, esku pribatuetara

Baionako oposizioko hiru taldeak Espainia karrikan den antzinako auzitegiaren ondoan elkartu eta eraikin publikoa SCI La Galerie du Palais promotore pribatuari saltzeko justiziak emandako baieztapena deitoratu zuten.

Kazeta|2019/02/05 07:35|0 iruzkin
Bayonne-centre_historique-20130811
Baionako antzinako auzitegiaren eraikina Olano et Avril promotore pribatuen eskuetara pasako da.

Bayonne Ville Ouverte, Baiona 2014 eta Biharko Baiona taldeetako hautetsiek antzinako auzitegiaren salmentari helegitea jarria zioten, baina justiziak hau errefusatu eta salmenta baieztatzea deliberatu zuen joan den urtarrilaren 18an. Eraikina Olano et Avril promotore pribatuen eskuetara pasako da, SCI La Galerie du Palais bezala ere ezagutuak dena.

Oposizioko taldeek “Baionako ondare zibilean antzinakoena den elementuaren galera” deitoratu zuten eta eraikinaren salmentarako eraman den prozesuan demokraziarik ez dela izan salatu zuten. Jean-Claude Iriart hautetsi abertzalearentzat “erabakia seriosa da eta atzeraezinezko ondorioak ukanen ditu”. Gaineratu zuenez, proiektuak pribatizatu gabe beti gara daitezke. Henri Etchetok, bere aldetik erran zuen ez dela “edozein” eraikin eta “demokrazia eza” salatu zuen, proiektu hau ez baitzen Jean-René Etchegaray auzapezaren hauteskunde programan ageri. “Bizizaleei ez zaie galdetu”, adierazi zuen.

Oposizioko politikari guziak bat etorri ziren baldintza hauetan haien hautetsi mandatua betetzea  zaila izan dela erratean, helegite juridikoa ezohiko moldean aktibatu dela jakinaraziz. Haien erranetan humanoki eta pertsonalki neutroa izan ez den desmartxa bat izan da eta gainera sobera karioa (15.000 eta 17.000 euroren arteko gastu judizialak). Horri promotoreen “mehatxu” eta “larderia” gehitu zioten.

Aipatu ez bazuten ere, oposizioko taldeek oraindik badute bide legalean segitzeko aukerarik. Haien helegiteak jaso duen ezezkoari martxoaren 18a aitzin beste helegite bat jar liezaiokete.