Kultura eskubideak eztabaidagai Hiriburun

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Patrice Meyer-Bisch filosofoa eta kultur eskubideen eta aniztasunaren behatokiko sortzailea gomitatu du mintzaldi bat eskaintzeko. Otsailaren 5ean iraganen da Hiriburun.

Kazeta|2019/02/04 06:35|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-01-31_a_17
Patrice Meyer-Bisch filosofoa iruditan.

"Kultura eskubideak: nola kontuan hartu partaidetzan egin kultura egitasmoetan?" galderari helduz Patrice Meyer-Bisch filosofoak mintzaldia emanen du Hiriburuko La Perle gelan, otsailaren 5ean arratsaldeko 18:30ean. Euskal Kultur Erakundeak (EKE) gomitaturik, tokiko hautetsien eta eragileen aitzinean kultura eskubideen kontzeptua eta bere aplikazio zehatza azalduko ditu.

NOTRE eta LCAP frantziar legeetan kultura eskubideak manera lausoan ageri dira. Bere mintzaldian, Meyer-Bischek lege horiek eskubideak, askatasunak eta erantzukizunak hartzeko aukera ematen ote duten argituko du. Bestalde, manera orokorrago batean, kultura eskubideak giza eskubideak direla oroitarazi eta kultura eremutik landa, esparru politikoa ere hartzen dutela azpimarratuko du.

Hari horri tiraka, herriek, herri-elkargoek eta erakunde publikoek eskubide horiek kontuan hartu eta herritarren, elkarteen eta artisten parte hartze handiagoa lortzeko egungo egiteko moldeak aldatzeko jarraibideak proposatuko ditu. 

Patrice Meyer-Bisch filosofoa, kultura eskubideen eta aniztasunaren behatokiko sortzailea da. Gisa berean, kultura eskubideak zehazten dituen Freiburgeko Adierazpenaren idazle eta sustatzaile nagusietarik bat izan zen.

Mintzaldia frantsesez iraganen da, euskarazko bat bateko itzulpenarekin eta sartzea urririk izanen da.