Kazeta

Kanboko hirigintza planak eztabaida piztu du

Euskal Elkargoko hautetsiek Kanboko Herriko Etxeak aurkezturiko antolaketa egitasmoaren alde bozkatu zuten. Bitartean, kanpoaldean ELB sindikatuak, Lurzaindia elkarteak eta Kanboko oposizioko hautetsiek laborantza lurren galeraz ohartarazi zuten.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria. ©Isabelle Miquelestorena
Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal Elkargoak otsailaren 2an bere kontseilua bildu zuela baliatuz, bilkuraren atarian laborariak zein tokiko laborantzaren defendatzaileak elkartu ziren. Duela urtebete Tokiko Hirigintza Planak (PLU) Kanboko sartzean laborantza lurren galera eragingo zuela ohartarazi zieten hautetsiei. Kontseiluaren gehiengoak ez zuen horrela ikusi, 136 izan baitziren proiektuaren alde egin zutenak, 23 kontra eta 35 abstenitu egin ziren.    

Euskal Elkargoa sortu aitzin PLU delakoa herrietan gai arantzatsua izan zen eta orain elkargoko hautetsien gain da afera. Hortaz, otsailaren 2an bildutako ia 200 hautetsiek Kanboko Herriko Etxeak azken urteetan prestaturiko hirigintza planaren aitzineko posizioa hartu behar izan zuten. Hasteko, Christian Devez Lapurdiko herriko axuantak laborantza lurren, bizitegien, ekonomia lurren eta paisaiaren artean lortu den oreka nabarmendu nahi izan zuen.

Kanpoaldean, proiektuarekiko kritiko direnek bi eremu hartu zituzten hizpide: Mulienia eta Marienia. ELB sindikatuak eta Lurzaindiak laborantza lurren galera salatu zuten, epe erdian 10 hektarea izan daitezkeela ohartaraziz. Zati bat eremu ekonomikorako litzateke (3,4 hektarea), beste bat bizitegiak egiteko (3,3 hektarea) eta azkenak aktibitate ekonomikoren bat hartuko luke (3 hektarea).

Michel Etchebest laborantzarako lehendakariorde delegatuak eta Mauleko auzapezak gogoeta orokor bat plazaratu zuen: “Lurralde osorako lurralde antolaketa plan bat ez dugun bitartean, hots, herriez gaindiko hirigintza plan bat (PLUI), gai honetan ezin dugu auzapeza bakarrik utzi”.  

Hautetsi kritikoenek ere hitza hartu zuten. Azkenaldian Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak lurra babestearen aldeko adierazpen azkarrak egin izan dituela eta, Uztaritzeko Françoise Galloisek jarreren eta ekintzen arteko koherentzia galdegin zuen. “Bozka honekin laborantza lurren geroa eta herritarren konfiantza jokatzen ari dira”, azpimarratu zuen.

“Nik politikak egiten ditut eta noski, laborantza bada, baina baita etxebizitza ere” erran zuen Jean-René Etchegarayk kazetariei egindako adierazpenetan. “Nire ahotsa batzarrean bildutako 233 pertsonen arteko beste bat baizik ez da”.