kazeta

Bake prozesuaren protagonista nagusietako bi Parisen epaituak

Gatazkaren konponbiderako ETAren mintzaide izan ziren Iratxe Sorzabal eta David Pla otsailaren 4an eta 5ean epaituko dituzte Parisen. 2015ean atxilotu zituzten Baigorrin.

ETArekin zer ikusia zutelakoan, lau pertsona atxilotu zituzten frantses eta espainiar poliziek Baigorrin. © Isabelle MIQUELESTORENA
ETArekin zer ikusia zutelakoan, lau pertsona atxilotu zituzten frantses eta espainiar poliziek Baigorrin. © Isabelle MIQUELESTORENA

Iratxe Sorzabal eta David Pla ETAko kideak 2015eko irailaren 22an atxilotu zituzten Baigorrin, erakunde independentistaren kontra denbora laburrean egindako hirugarren operazioan. Haiekin batera Ramuntxo Sagarzazu ezker abertzaleko militantea eta Pantxo Flores etxearen jabea ere atzeman zituzten. Otsailaren 4en eta 5ean ETAko bi kideak dira Parisen epaituko dituztenak.

Egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaide taldean badira ere, 2011ko Aieteko Adierazpenaren ondotik, erakunde independentistak Sorzabal eta Pla izendatu zituen Espainiar eta Frantziar gobernuekin elkarrizketak bideratzeko. Iñaki Egañak idatzitako “Armagabetzea: euskal bidea” liburuan jasotzen den bezala, Norvegiako Oslo hirian kokaturiko ordezkaritzan parte hartu zuten. Han Madrilekin elkarrizketak abiatzeko hainbat hilabete zain izan ziren, baina Espainiar estatuak muzin egin zion konponbiderako elkarrizketak abiatzeari.

Atxilotuak izan ziren mementoan ETA bere armak zigilatzeko prozesuan murgilduta zegoen. Prozesu hori 2017ko apirilaren 8an Baionan gauzatu zen armagabetzearen atariko urratsa izan zen. Urtebete geroago, maiatzaren 3an erakundeak bere desegitea iragarri zuen. Prozesu hori guzia nazioarteko egiaztatzaileen bermeekin bideratu zen.

Epaiketa auzitegi korrekzionalean iraganen da eta ez, ETAko kide ainitzekin egin izan ohi den gisan, kriminaletik. Erabaki horretan testuinguru politikoak eragin izan duela uste du Xantiana Cachenaut abokatuak. Izan ere, atxilotu zituztenerako baziren lau urte ETAk armak behin betiko utziak zituela eta armagabetze prozesuren barnean zegoen. 2018ko abenduan Ortzaizen atxilotuak izan ziren Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ere korrekzionalean epaitu zituzten.

Bestetik, duela aste batzuk jakin zenez, Frantziar justiziak polizia operazio hartan atxiloturiko Ramuntxo Sagarzazu eta Pantxo Flores prozesutik kanpo utzi ditu. Hortaz, Iratxe Sorzabal eta David Plan izanen dira auzipetuen aulkian jarri beharko diren bakarrak eta epaileek ETAn eta bake prozesuan zehar izandako papera argitu nahiko dute.

Torturapean egindako adierazpenak

David Pla ez bezala, Iratxe Sorzabal klandestinitatean zen bitartean Frantziar estatuan hainbat aldiz kondenatu izan dute. Korrekzionalean ezarri zigorrak izanki, nahiz eta horiek batu, ezingo dute hamar urteko kartzela gainditu. Ondorioz, oraingo auzian jaso dezakeen zigorrak ez luke orain artekoa gehiago luzatu beharko.  

Sorzabalek Espainiar estatuan auzi ezberdinak idekiak ditu, azken honek galdegindako bi euro agindu kasazioan berriki onartuak izan direlarik. Xantiana Cachenaut abokatuak iragarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegira aurkezteko helegite bat prestatzen ari dela. Hirugarren euro agindu eskaerari dagokionez, otsailaren 20an aztertuko du instrukzio gelak.

Eskaera eta akusazio hauek guziak torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen direla salatu izan dute Sorzabal berak eta giza eskubideen aldeko eragile ezberdinek. Justuki, auzi honen testuinguruan jarri zen indarrean Istanbuleko Protokoloa deritzona eta prozedura horretan Iratxe Sorzabalek Guardia Zibilaren eskuetan jasandako torturen kontakizunari sinesgarritasun osoa ematen zaie.  

Epaiketaren garrantzia ikusirik, Xabi Larralde eta Julen Arzuaga EH Bai eta EH Bildu mugimendu politikoen ordezkariak Parisen dira. Gisa berean, Pla eta Sorzabalen sorterri diren Iruñea eta Irundik autobusak antolatu dira.