Kazeta

Ez Dok Hiru antzezlana ikusgai Senperen

Tartean Teatroak sorturiko “Ez Dok Hiru: Euskal Musikaren benetako istorioa” antzerki obra heldu den martxoaren 24an ikusi ahalko da Senpereko Larreko gelan. Euskal kantutegian oinarrituriko euskarazko ikusgarrian berrehundik goiti euskal kanta zati agertzen dira.

Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira obraren aktore nagusiak. ©Tartean Teatroa
Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira obraren aktore nagusiak. ©Tartean Teatroa

Ironikoa, zentzugabea, eroa, dibertigarria... honela izendatzen du Tartean Teatroak berak Euskal Herriko imajinario musikalaren inguruan sortu duen “Ez Dok Hiru: Euskal Musikaren benetako istorioa” helduei zuzenduriko antzerki obra. Heldu den martxoaren 24an erakutsiko dute Senpereko Larreko Gelan.

Euskal antzerkigintzan 30 urteko ibilbidea duten Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira obraren aktore nagusiak eta haiekin batera musika tresna ainitz jotzen dituzten hiru musikari izanen dituzte ondoan. Izan ere, antzezlanean erabiliko dituzten kantu guzietarako Maria Arriaga, Adrian Garcia de los Ojos eta Ivan Allueren zuzeneko partaidetza baitezpadakoa izanen zaie. Obra aurkezteko mementoan euskal musikagintzari gorazarre egiten dio taldeak: “Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala”.

Tartean Teatroa ibilbide luzeko konpainia da eta euskal kulturaren eta antzerkiaren aldeko parioa egiten du. Azken urteotan sorturiko obra ezberdinekin hainbat sari irabazi ditu. Sorkuntza lan horren indarra euskara, hitza, umorea eta antzezpena dela nabarmendu dute bere kideek.