Idoia ERASO

Baionako Euskal Museoak bisitaren errekorra gainditu du

Urtetik urtera bisitarien errekorra gainditzen segitzen du Euskal Museoak. Hirugarren urtez segidan, 60.000 bisitarien muga gainditu du, hain zuzen. Rafa Zulaikak lehendakaritza utzi zuen eta oraindik ez dago ordezkorik. Heldu den hilabeteetan postua betetzeko prozedura abiatuko dute.

Rafa Zulaikak 11 urtez egindako lanaren bilan epela egin zuen Jean-Claude Larronde erakundeko presidenteak.
Rafa Zulaikak 11 urtez egindako lanaren bilan epela egin zuen Jean-Claude Larronde erakundeko presidenteak.

«Museoak 65.835 bisitari izan zituen 2018an, berriro ere errekorra gaindituz, emendatzea %6koa izan da. Aurtengo aberastasun kulturalak eskaintza berriak ahalbidetu ditu, eta publiko zabalago bat etorrarazi du», nabarmendu zuen Jean-Claude Larronde erakundeko presidenteak.

Sarreren %68 dohainik izan ziren, eta aldi baterako erakusketek harrera oso ona izan zuten, bereziki garrantzitsuenek: “Agaramont bildumako haurrak”, “1966 Euskal Artea frankismoaren garaian” eta “Frantziako Tourra Euskal Herrian 1906-2018”. Gaur talde artistikoaren erakusketak izan zituen bisitari gehien: 35.408. Udako turisten garaitik kanpo, erakusketa hauek bertako publikoa erakarri zutela azpimarratu zuten arduradunek, Garako artikuluak azaldu duenez.

Zuzendari eta kontserbatzaile berria izendatzeko, hautagaiek otsailera arte izanen dute beren burua aurkezteko aukera. Eta erabakia hartzeaz arduratuko den epaimahaiak deliberoa uda baino lehen ematea espero da. Gidaritzako langile berriak Olivier Ribeton kontserbatzailearen lana ere egin beharko du, azken honek erretreta hartuko baitu. Postu horretarako euskararen ezagutza kontuan hartuko dela azpimarratu zuten agerraldian.

Duela hamaika urte Euskal Museoko zuzendari postua sortu zen Rafa Zulaikak gidaritza hartu zuen momentuan, ordura arte Baionako Herriko Etxeak egiten zuen kudeaketa hobetu zitekeen esperoan. Urtarrilaren 23an erakustokiko gidaritza daraman taldeak eman zituen emaitza baikorren artean ez zitzaion inolako aitormenik eman Zulaikak egindako lanari.

Presidenteari bisitarien kopuruak kontuan izanik Zulaikak egindako lanaren bilana egiteko eskatuta, duela sei urte 38.500 bisitari soilik zeudela oroitarazi, eta 2014tik berak lehendakaritza hartu zuela nabarmendu zuen. Horregatik «erlatibizatu» egin behar zela gaineratu zuen: «Zulaikaren garaia, dinamika berriarekin desfasatua zen. Goizeko 8:00etan heltzen zen, eta arratsaldeko 18:00etan joaten zen, orain gauetan olde berri bat badelarik. Beti Donostian bizitzen egon zen, eta orain lasaiago egonen da Elkano Fundazioan».

Pablo Tillac eta Bonnat-Helleu

Maiatzaren 26ra bitarte “Pablo Tillac. Gerla batetik bestera (1914-1945)” erakusketa izanen da. Abenduaren 22an abiatu zen Tillaci buruzko erakusketa, eta jada 2.486 bisitari izan ditu; beraz, arrakastatsua izanen dela aurreikusten da.

Euskal Museotik 200 metrora dagoen Bonnat-Helleu erakustokia eraberritze lanetan da, eta 2021ean irekiko da. Bitartean, bertako “Obra miragarriak, Pizkundetik Inpresionismora” erakusketa prestatzen ari dira ekainaren 15etik azaroaren 3ra ikusgai izateko. Lanetako batzuk Baionako Herriko Etxearenak dira, eta beste batzuk Estatuarenak. Zentzu horretan, prestaketak dakartzan zailtasunak nabarmendu zituen Yves-Ugande Museoko presidenteorde eta kultura zinegotziak: «Beharbada ez da nahi genuena bezain asmo handikoa izanen. Kultura Ministerioko arduradunak zailtasunak jartzen ari dira, obren kontserbazioari buruz».

Atearen ondoan, Xokoa gelak sarrera urririk du. Bertan ere erakusketa andana egiten dira, eta antolatzen diren ekimenek lortzen duten arrakasta nabarmendu zuten.