Kazeta

Ttikiak Handi: herritarren eskutik historia berreskuratuz

Lapurdi 1609 Elkarteak “Ttikiak Handi” liburua aurkeztuko du heldu den otsailaren 3an. Egileek Senpereko eta inguruko herrietako sustraiak inarrosi nahi izan dituzte, bertako jendeei hitza emanez eta haien bizipen nahiz lekukotasunak bilduz.

Elkarteak liburua aurkeztuko du otsailaren 3an Senpereko Amotze auzoko Larraldean. ©Bob EDME
Elkarteak liburua aurkeztuko du otsailaren 3an Senpereko Amotze auzoko Larraldean. ©Bob EDME

Nolakoa zen Senpere duela 40 urte? Nondik heldu da herriaren izena? Zer eragin ukan zuen Algeriako gerlak herritarren artean? Horiek eta beste galdera ainitz erantzuteko ahalegina egin du Lapurdi 1609 Elkarteak kaleratu duen “Ttikiak Handi” liburuan.

Heldu den otsailaren 3an igandearekin izanen da presentazioa. Hitzordua Senpereko Amotze auzoko Larraldean emana da, arratsaldeko 16:30ean. Iragarri dutenez, liburuaren nondik norakoak azaltzeko artikuluak idatzi eta lekukotasunak eman dituzten pertsonek hitza hartuko dute. Deialdia publiko guziari idekia da eta bertaratzeko gomita egin du elkarteak.

Herritarren lekukotasunak ardatz

Leiane Madariaga, Auxtin Zamora eta Mixel Mendiburu dira “Ttikiak Handi” liburua egin dutenak. Edozein gisaz, jende gehiagoren idazkiekin osatu dute, denboran zehar aldizkarietan argitaratu izan diren artikuluen nahiz elkarrizketen bilduma egitea lortu baitute.

Liburu honetan batez ere Senpereko, Azkaineko eta Sarako euskaldunen lekukotasunak, bizipenak eta kontakizunak dira nabarmentzen. Haiek zuzenean bizitakoak edo amatxi-aitatxien edo burasoen ahotsetik jasotakoak ekartzen dituzte gogora. Gure herriaren historia eta kasu honetan Lapurdiko ibar honetakoa aginte maila ezberdinak izan dituztenengandik estalia izan da, bilakaeraren kontakizuna aldatzeraino. Hori iraultzea da Lapurdi 1609 elkartearen xedeetako bat.

Banan bana hartuta, istorio ttipiak dirudite, baina guzien bildumak handitasun bat erakusten du, ahanzturan eta galbidean geratzeko arriskuan den historiaren, ohituren eta euskal kulturaren berreskurapena egiteko ahalegina egiten baitu. Garbi da dokumentatua ez dena nekez ezagutzen ahal dela eta horregatik dela garrantzitsua jendeak dituen ezagutzak bildu eta ondoko belaunaldiei ere transmititzea.

Euskal izendegia eta euskara

Egileek Senpereko herriaren izenaren jatorriaz dauden erreferentziak xerkatu dituzte. Gaur segurtasunez ezin erran daiteke nondik heldu den Senpere izena. Lehen aldikoz Pedro Lopez de Amezketa eta Dona Juana Senpereren arteko 1370eko ezkontzako aktan ageri da, baina horrek ez du erran nahi lehenagotik erabilia izan ez denik. Besteak beste, izena Okzitanoa izaten ahal dela idarokitzen baita.

Egun Saint Pée Sur Nivelle da herriaren izen ofiziala, ez Senpere. Frantsesez, ez euskaraz, nahiz eta bertakoen berezko hizkuntza euskara izan den. Azken urteetan senpertarrek herriaren berezko izena ofizial bilakatzeko ahaleginak egin dituzte, tartean 2014ko sinadura bilketarekin herriko etxeari egindako eskaera.  

Euskararen garrantzia liburu osoan islatzen da, frogatzen baita senpertarrak eta ibarreko jendeak euskaraz bizi zirela. Erreferentzia historikoak euskarazkoak dira, baina mendetako ordezkapen prozesuak eta Frantziaren inposizioak errealitate hori ezkutatu eta aldarazi du. Ezaguna den logika azaltzen da liburuan: “goiko klasea” diren agintariek frantsesez egiten dute. “Erdiko klaseak” goikoen etsenplua hartzen du eta azkenik “beheko klasea” da bertako hizkuntzaz mintzatzen den bakarra, euskaraz bizi zen herria, frantsesez bizitzera eramateraino.   

Nolanahi ere, euskara biziarazteko lanak bere bidean segitzen du egun ere. Abantzu 50 urte eginen dituen Zaldubi ikastola da euskararen arnasguneetako bat. Euskal kulturari loturik, Eresoinka lehen abesbatza nazionala Saran sortu zela oroitarazten zaigu eta baita Senpereko Zirikolatz dantza taldeak harturiko indarra ere.

Jendeak mintzatzen direnean

Tokiko jendearekin egindako elkarrizketetan denetariko istorioak, esperientziak eta kontakizunak biltzen dira. Emazteek berek ibarrean ukan zuten lekua eta paper garrantzitsua azpimarratzen da usu, bai eta bereziki elizak ukan zuen eraginaren ondorioz jasan behar izaten zituzten mugak eta trabak ere. Borotra erretorea guzien ahotan dabil, balore atzerakoiak zer motako moldeekin erabiltzen zituen azalduz.

Emazte ainitz dira mintzatzen, orain egiten dutenaz baina iraganaz ere. Ahalegin bat ikusten da hor, izan ere, historia gehienetan gizonek idazten dute eta gizonek egindakoak baizik ez dira argitara ekartzen.

Kontrabandoa, munduan barrena ukandako bizi esperientziak, behar handiena dutenenganako elkartasuna, euskara eta euskal kultura, sustraiekiko lotura... denetarikoak dira jorratzen dituzten gaiak. Baina hortik harago, bertatik kanpoko jende ezagunekin ukandako harremanak ere ezagutarazten dira, horien artean zendu berri den Migel Gallastegi eibartar pilotari ezagunarekin izandakoak edo Fernando Aire Xalbador urepeldar bertsulari handiarekikoak.   

Senpereko Jauregia eta de Lancre

Ondareari behatu bat ematerakoan, lekuko eraikin eta lekuen historia deskribatzen da. Horien artean Senpereko Jauregia ezin da aipatu gabe utzi eta ezta duela 400 urte inguru zorigaitzez ezaguna den Pierre de Lancre jujeak egin izan zituen izugarrikeriak ere. Dokumentaturik ez dagoenez, ezin da jakin zenbat emazte erail zituen. Ehunka izan zirela erraten da. Sorginak zirenaren aitzakiarekin, emazte haietako ainitz erreak edo 18 metro dituen jauregiko dorretik boteak izan zirela kontatzen da. Beste ainitz Bordelera eraman zituen han preso sartu eta jujatuak izateko.

Gerlak beti herritarrentzat kalte

Gerla ezberdinek ere arrasto sakona utzi izan dute Senperen eta inguruetako herrietan. Nafarroarako muga hurbil izanik, kontrabandoa nagusi zen inguruko jendeen artean eta gerla denboran ere zeregin horri eutsi zioten bertakoek. Pertsonak pasaraztea, etxean aterpetzea, armak eta tresnak kukutzea... lan zailak ziren alemanek okupaturik zituzten mendi eta lurretan. Kontakizun zirraragarriak biltzen ditu “Ttikiak Handi” liburuak.

Algeriako Gerla deiturikoak eta baita Saharar herriaren kontra Espainiak eta Frantziak egindako operazio militarrak ere bertako gazteriaren bizia betirako markatuko zuten. Algerian abantzu 200 senpertar izan ziren, horietariko bat hil zelarik, Euskal Herrian 102 gazte izan ziren bitartean. Oilo ipurdia jartzeko moduko lekukotasunak jasotzea lortu dute egileek, bertan izan ziren jendeak garbi mintzatu baitira han jazotakoaz.

Peio Chipik horrela deskribatu zuen hara heldu eta lau hilabetez gerlarako prestaketan hetsita izan zituzteneko egunak: “Toki hortan, irakutsi ziguten armen erabiltzen, hiltzen armekin edo esku hutsez, buruan sarrazi gaituzte (...) han ginela “terroristen” borrokatzeko. Ikusi behar zen nola, lau hilabetez, mutiko goxo batzuk bilakatzen zituzten otso”.    

Lapurdi 1609 Elkarteak ez du ahanzturan utzi nahi izan Frantziako Iraultzak ere Lapurdin eragin zuen sufrimendua, oroitzen baitu ehunka lapurtar baldintzarik gogorrenetan izan zirela deportaturik. Bereziki, Sarako herria eta bertako herritarrak izan ziren askatasunak defendatzen omen zituztenek kopuru handian zigortu zituztenak.

Heldu den otsailaren 3an bildu dituzten lekukotasunak entzuteko parada ezin hobea izanen da Larraldean eta bertaratu ezin duenak “Ttikiak Handi” liburua 15 eurotan erosten ahalko du. Gure herriaren historiaren pieza ttipi bat ezagutzeak, historiaren puzzle handia osatzen lagunduko baitu.